Alardeak

Alderdiak ez dira bat etorri Eusko Legebiltzarrean Urkulluri alarde mistoetara joateko eskarian

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek lehendakariari buruz egindako eskeak ez dituzte ontzat jo Eusko Legebiltzarreko gainerako alderdiek

Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidea, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia.
arantxa iraola
2018ko urriaren 18a
10:08
Entzun

Iragan irailaren 8an gordinduta agertu zen Hondarribian alarde parekideen kontra dihardutenen jarrera, eta gaia Eusko Legebiltzarrean hizpide izan dute gaur. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdietako ordezkariek elkarrekin hitzarturiko testu baten defentsa egin dute. Testu horretan, Irun eta Hondarribiko desfile mistoen aldeko urratsak eskatu dituzte, eta horien artean, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren presentzia eta harrera ofiziala eskatu dituzte. Baina bakarrik geratu dira. Horra desadostasunerako zio izan diren bi puntuak. Bigarren puntua: «Gure agintari gorenak, lehendakariak, Hondarribiko eta Irungo hurrengo alardeetan parte hartuko du, gainerako agintariekin batera izango delarik emakumeek eta gizonek aukera berdintasunean osatutako konpainiak desfilatzen ikusten». Hirugarrena: «Lehendakariari berdintasunean ospatzen den Irungo alarde parekideari eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiari harrera ofiziala egin diezaien eskatzen diogu».

EAJren izenean Irune Berasaluzek esan du gai horretan "tematu" izanak ekarri duela adostasun falta. Urkullu agertzea ez dela beharrezkoa uste du. «Lehendakaria han egoteak ez luke inolako ekarpenik egingo». Antzera mintzatu da PSE-EEko ordezkari Natalia Rojo. «Arazoa ez da hasten eta amaitzen Urkullurekin». Elkarrekin Podemos taldeko ordezkari Eukene Aranak, ordea, keinu "sinboliko" garrantzitsua litzatekeela defendatu du. Antzera mintzatu da EH Bilduko Oihana Etxebarrieta, keinuaren garrantzia nabarmendu du: "Udalen babesik ez baitugu". Lehen pertsonan solastatu da, Hondarribiko konpainia parekide bakarreko egungo kapitaina baita.

Aurrera atera da PSE-EEk eta EAJk hitzartutako testu bat. Alardeen auzian konponbiderako bideak lantzen jarraitzeko eskatzen du eta arbuiatzen ditu irailaren 8an Hondarribian ikusi ziren eraso mota guztiak. PPk, aparte, beste testu baten defentsa egin du. Jaiak "nahi den eran" bizitzeko eskubidea defendatu behar dela argudiatu du Juana Bengoetxea legebiltzarkideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.