Politika

Alderdiak, kanpainaurre bete-betean

Kanpainaurrean daude alderdiak, eta herritarrengana gerturatzeko saioa egin dute. EAJk World Kafea egin du Gasteizen Andoni Ortuzarrekin, eta EH Bilduk Hobetzeko Entzuten ekitaldia egin du Iruñean, Arnaldo Otegirekin. Mariano Rajoy Durangon izan da.

2016ko maiatzaren 21a
13:16
Entzun

Ekainaren 26an Espainiako Gorteetako Hauteskundeak aurrena, eta udazkenean Eusko Legebiltzarrerakoak. Alderdiak aurrekanpaina bete-betean daude, eta hainbat ekitaldi egin dituzte gaur.

EAJ Gasteizen

World Kafea egin dute EAJko kideek Gasteizen. Ehun lagun inguru bildu direla jakinarazi dute, eta amaieran hitzaldia egin du Andoni Ortuzarrek. Alderdi espainiarren kontra egin du EAJren EBBko buruak: "Ondo egingo duzute espainiarrekin ez fidatuta". Aurreko hauteskundeetan jaso zituzten botoen erabilera "negargarria" egin dute alderdi horiek, Ortuzarren irudiko, eta ohartarazi du, ez dituztela "euskaldunon interesak defendatzen". "Ez dira fidatzekoak, ez dute gure konfiantza merezi, beraienera doazelako, eta beraiena, zoritxarrez, ez delako gurea".

EH Bildu Iruñean

Arnaldo Otegi erdigunean jarrita egin du ekitaldia EH Bilduk, Iruñeako Labrit pilotalekuan. Hobetzeko Entzuten leloarekin egin asmo dituzten ekitaldi sortako aurrena izan da, eta herritarren galderei erantzun die. Espainiako bozetara "irabaztera" joan behar dela esan du Otegik, Espainian "demokratizatzeko zirrikitu txikiena" irekitzen bada, han egon behar dela uste baitu, hura baliatzeko. "Imaginatzen al duzue Espainiako Gobernua osatzeko independentisten botoen beharra izatea, eta ostikoka bidaltzea faxistak Gobernutik?", esan du. Helburua honakoa da, Otegiren hitzetan: "Bide orria marraztu, presoak atera, prozesu independentista eraiki, Nafarroan diputatu bat lortu, eta gerra ematen jarraitu".

Rajoy Durangon

Mariano Rajoy funtziotan Espainiako gobernuburua Durangon izan da gaur, eta Arnaldo Otegi eta Hasier Arraiz izan ditu hizpide: "Ez terroristak eta ezta konplizeak ere ez dute zilegitasunik izango". Espainia "ETAren aurkako txertoa hartuta" dagoela nabarmendu, eta "betirako" hala egotea komeni zaiola ohartarazi du, "terroristak, muturrekoak eta erradikalak berragertu egiten direlako".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.