Alderdian garbiketa egiteko eskatu dio Pastorrek Urkulluri

'Miñao auzian' auzipetuta dauden bi ertzainek uko egin diote ikerketa batzordearen galderei erantzuteari

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Alderdi jeltzalean «garbiketa sakona» egiteko eskatu dio Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteari, Arabako espioitza eta eroskeria kasuaren harira. Miñao auzian nahastuta dauden EAJko kideei kargu hartzeko esan dio; «erortzen dena erortzen dela», ardurak garbitzeko. Bestela, EAJren zuzendaritzak auziarekin zerikusirik ez duela sinestea zaila izango dela azaldu dio.

Gasteizko Auzitegia ari da auzia ikertzen, eta Aitor Telleria EAJren Arabako buruzagi ohia eta bi ertzain auzipetuta dauzka. Eusko Legebiltzarrak ere ikerketa batzordea osatu du gertatutakoa ikertzeko. Baina, Pastorren esanetan, EAJ ikerketak trabatzen ari da.

PSE-EEko buruzagiaren ustez, Urkulluk du bere alderdikideen jarrera trabatzailearen erantzukizuna, «ez delako gai izan alderdi barruan ordena jartzeko». «Zergatik ez du egin beharrekoa egin Urkulluk?», galdetu du Pastorrek. «Alderdi barruan bazterrak ez nahastearren, edo zerbaiten beldur delako?». Ohartarazi du ustez delitua egin dutenak ez direla alderdiko «ardi galdu bakanak». Auzian nahastuta dauden guztiak EAJko kideak direla esan du, asko direla, eta horietako asko «buruzagi kualifikatuak» direla, gainera. «Urkullu beldur al da ikertzen ari diren militante eta buruzagi horiek zer esango?».

Miñao auziaren harira Legebiltzarrak abiatutako ikerketa batzordea nahi adina fruitu ematen ari ez denez, halako batzordeei sekretua kentzeko eskatu du Pastorrek. Izan ere, haren ustez, hori kenduko balitzaie «gardentasunak eta bermeek» gora egingo lukete.

Araua aldatzeko gainerako alderdiekin harremanak izan dituztela azaldu du Pastorrek, EAJ ez beste guztiak ados daudela, eta EAJk ez duela oraindik bere jarrera azaldu. Edozein moduz, araua aldatuko balitz ere, etorkizuneko batzordeei eragingo lieke aldaketak, ez Miñao auziari.

Iñigo Iturrate EAJko ordezkariak Efe berri agentziari azaldu dionez, alderdi jeltzalea sekretua kentzearen alde legoke, betiere ardura publikorik ez duten pertsonen intimitatea gorde eta haien izen eta irudiak jendaurrean jakinarazten ez badira. Halaber, auziari buruz egon diren filtrazioak iker daitezela eskatu dio Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteari.

Aralarrek proposatu du araudia aldatu eta batzordeetan plazaratutako testigantza eta hausnarketak jendaurrean izan daitezela, sekretua «salbuespen kasuetarako» gordeta.

Miñao auzian auzipetutako bi ertzainek atzoko zuten ikerketa batzordeari azalpenak emateko hitzordua. Legebiltzarreko ordezkariak polizia etxera joan ziren testigantza hartzera, baina akusatuek uko egin zioten galderei erantzuteari. Horren ordez, errugabeak direla esan, eta auziaren gainean izan diren filtrazioak gaitzetsi zituzten, idazki bat irakurrita.

Aitor Telleria Arabako EAJko buru izandakoari biharko jarri dio azalpenak emateko hitzordua ikerketa batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.