Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak gezurtatu egin du gaur El País egunkariak argitaratutako informazioa, eta esan du alderdiaren kontabilitatea "bakarra, argia eta gardena" dela. Nabarmendu du PPk "beti" legearen arabera jokatu duela, eta gaineratu du informazio hori "PPri eta Espainiako Gobernuko presidenteari kalte egiteko" asmoz zabaldu dela. Gainera, jakinarazi du PPk auzitara eramango duela egunkaria.
PPko buruzagien ustezko ezkutuko soldatei buruzko informazioa zabaldu du gaur El País egunkariak. Argitaratu duenez, PPko hainbat buruzagik jaso zituzten gainsoldatak 1990 eta 2009 bitartean, eta buruzagi horien artean daude Cospedal bera, Jaime Mayor Oreja, Angel Acebes eta Mariano Raxoi bera. Kazetaren arabera, egun Espainiako Gobernuko presidente denak 25.200 euroko soldata ezkutua jaso zuen 11 urtez.
Ordainketen xehetasunak jasotzen dituzten dokumentuak hedatu ditu kazetak. Horien arabera, soilik 1993 eta 1996 artean utzi zioten ordainketa horiek egiteari. 1997tik aurrera, berriz, agirietan azaltzen da alderdiko idazkari nagusi eta idazkari nagusi orde guztiei pagatu zietela gainsoldata. Urte hartan, idazkariorde nagusi zen Raxoi. Hari eginiko ordainketak 2008. urtera arte ageri dira Barcenasen dokumentuetan. Hiru hilabetetik behin 6.300 euro edo sei hilabetetik behin 12.600 jasotzen zituen Raxoik, informazio horren arabera.