Autogobernuaren inguruan eztabaidatzeko lantaldeak lehen urratsa egin du gaur goizean, EAJk lantaldea osatzeko legez besteko proposamena erregistratuta. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek hartuko dute parte lantaldean, eta nork bere posizioak finkatu ditu gaurkoan.
EH Bilduko bozeramaile Laura Mintegik azaldu du "jarrera eraikitzailearekin" helduko diotela eztabaida horri, eta nabarmendu du lantalde horretan erabaki behar dutela "nork erabakitzen duen, zer erabaki dezakeen eta zertarako erabaki". "Amaitutako" ziklo baten aurrean "bide berri bat" hasteko eskatu dio Mintegik EAJri, eta nabarmendu du herritarrek beharrezkotzat joko dutela "funtsezko aldaketa bat, ez azalekoa soilik".
PSE, berriz, "adi" egongo da autogobernuari buruzko lantaldea "proiektu partikularren enkante bat" izan ez dadin. "Espainia eta Europa barruko autogobernu estatutarioa arrakasta formula" dela nabarmendu du PSE-EEk, ohar baten bidez. EAJk lantaldea osatzeko eskaria erregistratu eta gero, PSEk esan du lantaldearen sorrerak "EAJren beharrei eta agenda politikoari" erantzuten diola, eta gaineratu du ez dela lehentasunezko gaia gizartearen gehiengoarentzat.
Egungo autogobernu eredua goraipatu du PSEk, iritzita "ezberdinen arteko elkarbizitza" ahalbidetu duela. "Gernikako estatutua onartu zenetik 33 urtera, prest gaude autogobernuaren funtzionamendua berrikusteko proposatutako lantaldean parte hartzeko eta balizko hobekuntzak aztertzeko, Eusko Jaurlaritzak ondoren aurkeztu ahal izan dezan erreforma estatutario zehatz bat, ezarritako prozedurak jarraituz", azaldu du PSEk.
"Independentziaren" aurrean "interkonexioa" defendatuko du PPk estatus politikoaren lantaldean. Borja Semper PPko Eusko Legebiltzarreko eledunak "eszeptizismoz" bizi du autogobernuari buruz Eusko Legebiltzarrean abiatzekoa den eztabaida, baina "bi eredu" aurrez aurre jartzeko asmoz hartuko du parte sortzeko bidean den lantaldean: "EAJrena, independentziara iristea helburu duena, eta PPrena, interkonexioarena, batzen gaituena bilatzearena, sinergia gehiago eta Espainia nahiz Europarekiko konplizitate gehiago bilatzearena".
UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok, berriz, ohartarazi du EAJk ez duela herritarren bizimodua hobetu nahi, "bere proiektu nazionalista defendatu, independentziarantz aurrera egin eta Espainia hautsi" baizik. Maneirok uste du "Ibarretxe Planaren bertsio berri bat" aurkeztuko duela EAJk.