Baketzea

Alderdiek estrategia bateratua bilatu eta elkarlanean aritzeko beharra dagoela dio Lokarrik

Une honetan bake prozesuak bizi duen blokeo egoera "alderdien arteko estrategia bateratuaren faltak" eragindakoa dela uste du Lokarrik. Horixe adierazi du Paul Rios erakundeko koordinatzaile nagusiak. "Elkarren arteko ekintzak bilatzea" beste aukerarik ez dagoela azaldu du Riosek. Horrez gain, Lokarriren ustez, prozesuan aurrera egiteko giltzarriak zeintzuk diren adierazi du koordinatzaile nagusiak.

2006ko irailaren 14a
16:45
Entzun
Alderdi bakoitzak "bere bidea, bere errepide mapa" duela azaldu du Riosek. Egungo blokeo egoeran "alderdien arteko estrategia bateratuaren faltak" eragin zuzena du Lokarrirentzat. Izan ere, nork bere bidea eginez arazoen aurrean "suhiltzaile lana baino ez da egiten". Hori dela-eta, elkarlana beharrezkotzat jo du Lokarrik eta alderdien mahaia osatze aldera eragileen arteko batasunaren alde agertu da.

Zazpi giltza prozesuan aurrera egiteko

"Itxuraz" bizi dugun "blokeo egoeratik" irteten eta "bake prozesuan aurreratzeko giltzak" Lokarriren ustez zeintzuk diren azaldu du gaur Riosek. Guztira zazpi dira gako nagusiak:

1.-Udal eta foru hauteskundeak: Lokarriren ustez, bake prozesuaren garapena udal eta foru hauteskundeek baldintzatzen dute. Alderdi politikoak hiztordu horri begira, "elkarrizketa prozesuarko indarrak metatzen ahaleginduko dira", dio koordinakundeak.

2.-Alderdien mahaiaren oinarriak adostea: Horixe da une honetan helburu nagusia. Ezinbestekoa da Lokarriren ustez, alderdianitza izatea. Horretarako, alderdi politikoek "ekinbide bateratuak egiteko gauza" izan behar dutela nabarmendu du.

3.-Batasunaren legez kanpoko egoera: Gainditzeke dagoen oztopoa da hori Lokarriren aburuz. "Batasuna legeztatzen ez den bitartean zaila izango da alderdien mahaia osatzea". 2006aren amaierarako konponbidea beharrezkoa dela azpimarratu du. Izan ere, Batasunak hauteskundeetan egon behar duela dio Lokarrik "jarduera politikoan baldintza berberetan lehiatzeko".

4.-Nafarroaren parte hartzea: "Nafarroa arazoaren zati izan da eta irtenbidearen zati izan behar du".

5.-Pertsona ororen eta giza eskubide guztiei begirunea:Su-etenak ezin du salbuespenik izan Lokarriren hitzetan eta "itzulgarritasun mehatxurik gabe iraun behar du". Era berean, Espainiako Gobernuak "presoen sakabanaketa politikarekin amaitu behar du".

6.-Herritarren partehartzea sustatzea: "Gizarteak, zentzutasunez zain dagoenaren jarrera hartu du" Lokarriren hitzetan. Alderdi politikoek urrats noiz emango zain dago. Hala ere, beharrezkotzat jotzen du herritarrek parte hartze zuzena izango duten ekimenak antolatzea, horixe izango delako "prozesuak ukan dezakeen bermerik onenetarikoa".

7.-Bake prozesuarekiko helburu bedinak izateko beharra: Lokarriren arabera, "akordioa, kontsulta eta berradiskidetzearen prestaketa" dira prozesu honen helburuak. Oztopoek xede horiek ezkutatu ez ditzaten "etengabe gogorarazi" behar direla uste du koordinakundeak. Eta gakoa, gizartearen eta politikaren borondatea hiru helburu horien inguruan batzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.