URRIAREN 25A

Alderdiekin bilerak egingo ditu EAJk azaroan, estatus berriaz mintzatzeko

Urriaren 25a "aldarrikapenerako" eguna dela esan du EAJko presidenteak, gogorarazita EAEko Estatutua ez dela bete. Estatutua "edukiz hustea" egotzi dio PSEri; eguna ospatuta, "oso sinesgarritasun urria" izatea, berriz, PPri. Batzarretan parte hartzeko eta "entzuteko" prest azaldu da Laura Mintegi.

Ortuzar, Alderdi Egunean. JUANAN RUIZ, ARP
2013ko urriaren 25a
13:07
Entzun

Europa Press berri agentziak Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteari egin dio elkarrizketa. Bertan, Ortuzarrek esan du Gernikako Estatutuaren urteurrena ez dela ospakizun eguna, eta oroitarazi du Jaurlaritzari dagozkion hainbat eskumenek Espainiako Gobernuaren esku jarraitzen dutela: "Marko berri bat sortu eta hura betetzeko gai garen egunean, ospakizunez hitz egin ahal izango dugu".

Autogobernuaren inguruko "analisi eta eztabaida prozesu" bat abiatu nahi du Ortuzarrek alderdiekin, eta, azaldu duenez, "modu pausatuan" egin nahi du hori, "hasieratik hasita, ez amaieratik". Iragarri duenez, azaroan ekingo dio EAJk beste alderdiekin gaiari buruzko bilkurak egiteari. "Bakoitzaren posizio politikoa" edozein dela ere, alderdiei galdetu nahi die "non nahi duten Euskadi etorkizunean egotea, eta nola uste duten landu behar dela prozesu hori".

Azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoak "prozedura konstituzionala" errespetatuko duela, eta erantsi gaiak ez lukeela "krispazioa" eragin behar; are, "erabateko normaltasunez" jardun behar da estatus politikoaz, Ortuzarren iritziz: "Espainiako Estatuko politikariek, batzuetan, heldutasun demokratiko eza kezkagarria erakusten dute".

EAJ eta EH Bildu hurrenez hurren Eusko Legebiltzarreko lehen eta bigarren indarra direla gogorarazi du Ortuzarrek, eta beraz, "Euskadiko gehiengo sozial batek autogobernuan aurrera" egin nahi duela.

Euskadiren Egunari kritika

PP eta PSE-EE kritikatu ditu Ortuzarrek, urriaren 25eko jaiegunaren harira. "35 urtean Estatutua edukiz hustu dutenek ez dute legeria betetzen", egotzi dio PSEri. PPri, berriz, leporatu dio "oso sinesgarritasun urria" izatea, gaur urteurrena ospatu baina alderdi horrek estatutua "urtearen gainerako egunetan" urratzen duelakoan.

EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Laura Mintegik erantzun dio Ortuzarren deiari. Bilera horietan parte hartzeko eta "entzuteko" prest azaldu da, ondoren entzundakoaren arabera jokatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.