Euskal Herriko egoera

Alderdien arteko elkarrizketaren premia aldarrikatu du Ibarretxek, Euskal Herria normalizatzeko lehen urrats gisa

Euskal Herriko gatazka gainditzeko, lehenik eta behin, alderdien arteko elkarrizketak eta harreman normalizatuak abiatu behar direla adierazi du gaur Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak. Radio Euskadin egin diote elkarrizketa Ibarretxeri. Besteak beste, bere plana ez dela egitasmo independentista bat nabarmendu du lehendakariak: "plana ez dago apurtzeko eginda, elkarbizitzarako baizik", esan du.

2003ko uztailaren 10a
16:08
Entzun
Gaur egungo giro politikoa zaila dela onartu du Ibarretxek: batetik, ETAren jardunagatik, eta, bestetik, alderdien arteko harremanak —PSE-EE, eta, batik bat, PPren jarreragatik— etenda daudelako. "Egoera blokatuta dago. Blokeo handi bat dago, baina ezinbestekoa da gainditzea", azpimarratu du lehendakariak,eta gainditzeko tresna bakarra ekimen politikoa dela erantsi du. "Horregatik, ekimen politikoa hartu dute, nire ardura eta egitekoa delako. Indarkeria puri-purian dagoen gizarte batean bizitzen ezin dugulako jarraitu", agertu du.

Ekimen politiko hori Ibarretxe Plana deitu zaion lehendakariaren proposamenean gauzatu da. PPk eta PSOEk diotenaz bestera, egitasmo hori ez dela independentista edo sezesionista azaldu du Ibarretxek Radio Euskadin. "Esan diezadatela non aipatzen den independentzia, edo banaketa. Plan hori ez dago apurtzeko eginda, elkarbizitzarako baizik. Euskal gizarteak askatasunez erabaki dezan Espainiarekin elkarbizitzeko modua eta Europan txertatuta egotekoa".

Batasunari baldintzak

Funtsean, egun etenda dagoen alderdien arteko elkarrizketa eta harreman giroa berriro abian jartzea beharrezkoa ikusten du lehendakariak Euskal Herria normalizatzeko. Hartarako gonbidapena egin die PP eta PSOEri. Batasunari dagokionez, Arnaldo Otegi bozeramaileak abertzaleen arteko hitzarmen bat lortzeko egindako deia ez zaio txarra iruditu Ibarretxeri, baina baldintza zehatza jarri dio ezker abertzaleari: argi eta garbi ETAren indarkeria arbuiadezala. "Batasunako buruzagiek ausartak izan behar dute; indarkeriatik aldendu behar dute, inguru horrekin apurtu. Hortik aurrera akordioak posible izango dira", zehaztu du.

Era berean, Batasunaren ilegalizazioaren arduraren zati bat ezker abertzaleko alderdi horrek berak duela iradoki du lehendakariak. "Batasunak egoera zein zen jakinda hartu ditu erabakiak. Mahai Nazionalean aztertu zuten ilegalizazio saihestea posible egingo zuen proposamen bat, baina atzera bota zuten. Berak hartutako erabakien ardura bere gain hartu behar du Batasunak, eta ez besteei bota erruak. Ardura bere gain hartu eta politika egin behar du".

Espainian eta Hego Euskal Herrian atzerakada demokratiko handia bizi dela onartu du Ibarretxek, eta murrizketa horien muina, EAJ eta EAren aurka egitea dela iruditzen zaio: "Madril kezkatzen duena ez da Batasuna, baizik eta EAJ eta EAren proiektua", azpimarratu du. Espainiako Gobernuak egin dituen askatasun murrizketei, berriz, "inteligentziaz" erantzun ehar zaiela esan du, "probokazioetan erori gabe".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.