politika

Alderdien bilera "beste garai baten hasiera" izan da Urkulluren ustez

Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak mahai berean eseri zirelako uste du lehendakariak datorrela aro berria; gainerakoan, ezer zehatzik hitzartu gabe, alderdiek egoera ekonomikoaren eta haren ondorioen diagnosia partekatu dutela esan du lehendakariak: "Krisitik ateratzeko lehentasunak inoiz baino leku handiagoa dauka gure agendetan".  

2013ko maiatzaren 22a
18:13
Entzun

EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPD alderdietako ordezkariak mahai berean esertzea lortzea bakarrik da garrantzitsua Jaurlaritzako lehendakariarentzat, "beste garai baten hasiera", lehen aldia baita. Baina haiek guztiek elkar ulertzea beste kontu bat da. "Joan den asteazkenean baino hobeto gaude". Horixe besterik ez du esan. Diputazioekin egindako bileraren biharamuna izan zen joan den asteazkena, akordioa egon zela eta ez zela EAJren eta EH Bilduren arteko hika-mika sortu zenean. Ordutik, ordea, Jaurlaritzak diputazioekin defizita malgutzen denean diru gehigarriarekin zer egin hitzartu du, eta, beraz, urrats bat aurrera egin dute. 

Atzokoari begira, berriz, krisi ekonomikoaren eta haren ondorioen diagnosian bat egin dute alderdiek, eta handik atera beharra dagoela iritzi diote. "Krisitik ateratzeko lehentasunak inoiz baino leku handiagoa dauka gure agendetan, eta agenda bateratuak ekintzara garamatza. Badakigu hori egin behar dugula, eta zenbat eta elkartuago egin, orduan eta eraginkorrago izango da". Nola atera erabakitzeko ordua iritsi da orain, baina ez dago oraingoz formularik. Bitariko bilerak egiten hasteaz gain, berak aurkeztutako lehentasunen agenda eman du Urkulluk.

Autogobernurako ponentzia

Ekainean zerga erreforma aurkeztuko du lehendakariak, baita zerga iruzurraren kontrako plana ere, bi proposamenak datorren urtarrilaren 1ean indarrean sartzeko asmoz. Udazkenean, berriz, autogobernuari buruzko batzordea martxan jartzekoa du, euskal eredu instituzionala aldatzeko asmoz. "Berezko arkitekturaren egokitzapena" egin nahi du, "modu kontsentsuatuan". Egoera sozial, politiko eta ekonomiko berrira egokituko den arkitektura.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.