Ibon Areso (EAJ): "Polemikak amaitu behar du"
Bilboko jarduneko alkate Ibon Aresok festetaz gozatzeko eta dibertitzeko deia egin du, eta "polemikarekin amaitu" behar dela adierazi du. Aste Nagusia "ondo pasatzeko eta gozatzeko" dela baieztatu du Aresok, "batez ere garaiotan, krisi ekonomikogatik jende asko gaizki pasatzen ari denean". Hori dela eta, jendeak "barrua arintzeko egun batzuk" behar dituela uste du, eta gaineratu du horretarako dagoela Aste Nagusia.
PSE-EE: Aste nagusiaren "zenbait elementu" berrikusteko beharra dago
PSE-EEren Bilboko Udaleko bozeramaile Alfonso Gilek Bilboko Konpartsei epailearen erabakia onartu eta beste txupinera bat izendatzeko eskatu die. Gilen ustez, Artola txupinera izatearen debekuaren harira sortutako eztabaida "artifiziala da", eta uste du ez dagoela halako eztabaidarik bilbotarren artean. Horrez gain, Gilek adierazi du Aste Nagusiaren "zenbait elementu" berrikusi egin behar direla, "egokiak ez diren zenbait aspektu aldatzeko": horien artean legoke txupinera izendatzeko metodoa. Ildo horretan, festa Bilboko "eragile ekonomiko eta sozial gehiagotara" zabaltzeko beharra dagoela uste du Gilek. Gilen ustez, etorkizuneko Aste Nagusiei begira, beharrezkoa da hausnarketa "zabal eta zintzoa" egitea, "ezin baita etengabe horrelako gatazketan bizi".
Bilboko Jai Batzordeak Jone Artola txupinera izateko aukeratu zuenean PPk "txintik ere ez" zuela esan nabarmendu du Gilek. Haren ustez, Espainiako delegatu Carlos Urkijok "bere burua nabarmentzeko joera" duela baieztatu du Gilek, eta horregatik eskatu zuela txupineraren izendapena bertan behera uzteko.
Oraindik erabakitzeko dago zer egingo den larunbatean Aste Nagusiaren txupinazoan: bere aldetik, PSE-EEk Bilboko Udalak erabakitzen duena babestuko duela adierazi du Gilek, eta baieztatu du "pregoilaria eta txupina" izango direla txupinazoan.