Alderdien Legea gogortzeko bidea hasi dute Kongresuan PSOE eta PPk

Legez kanporatutako alderdietako kideei «babesa» ematen dieten zerrendak baliogabetzea biltzen du lege proposamenak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Hauteskundeetan parte hartzeko aukera gehiago zaildu nahi diote PSOEk eta PPk ezker abertzaleari. Zirrikitu guztiak itxi nahi dizkiote, eta Hauteskunde Legea aldatzea proposatu dute horretarako. Alderdien Legean sakondu, eta, aukerak bozen aurretik gehiago mugatzeaz gain, hauteskundeen ondoren, hautetsi izendatutakoei karguak kentzeko aukera proposatu dute. Baita legez kanpoko alderdietako kideak babesten dituzten alderdiak bozetatik kanpo uztea ere. Neurriak 2011ko udal eta foru hauteskundeetarako ezarrita egon daitezen, lege proposamena urgentziaz aurkezten saiatuko dira.

Jose Antonio Bermudez de Castro PPko diputatuak eta Jose Maria Benegas PSOEkoak aurkeztu dute espresuki ezker abertzalearen aurka prestatutako lege erreforma jendaurrean. PSOEk eta PPk 2002an gauzatu zuten Alderdien Legeari «izkin egiteko» zeuden zirrikituak itxi nahi dituztela azaldu dute bi bozeramaileek. «Orain zailagoa izango da talde terrorista instituzioetan egotea», esan du Benegasek.

Bi multzo nagusi ditu lege proposamenak: «ETArekin zerikusia duten edo hori babestu edo justifikatzen dutenek» hauteskundeetan parte har ez dezaten da lehena; bigarrena, hautetsi izendatutakoei kargua kendu ahal izateko.

Ezker abertzaleari bozetan parte hartzea eragozteko, hauteskundeetako zerrendak baliogabetzeko epea luzatzea proposatu dute. Azken urteetan, «Batasunak eta haren ordezkoek» azken unera arte ez dutela «bere apustua argitu» ohartarazi dute erreformaren sustatzaileek. Hauteskundeetara zein talderen izenean aurkeztuko ziren ez zutela esaten eta horrek zerrendak baliogabetzeko aukera zailtzen zuela. Zenbait kasutan legeak ezarritako epea gainditzeak ezinezko egin duela hainbat zerrenda hauteskundeen aurretik baliogabetzea.

Horri aurre egiteko, hautagaitzak legez kanpo uzteko aukera hamalau egunetan luzatzea proposatu dute PSOEk eta PPk. Ondorioz, hauteskunde kanpainaren erdian erabaki ahalko litzateke zerrendak baliogabetzea. Areago, Auzitegi Konstituzionalak hauteskunde kanpainaren azken eguna arte hartu ahalko luke hautagaitzak baliogabetzeko erabakia. Legez kanporatutako alderdiak hautagaitza bozen egunean bertan ezagutaraziko balu ere, hautetsiei kargua hartzea eragozteko neurria ere proposatu dute.

Karguak kentzeko aukera

Hautetsiek kargua hartu ondoren eserlekua kentzeko aukera ere biltzen du lege proposamenak. Gaur egun, alderdi bat legez kanporatuta ere, alderdi horren zerrendetan aurkeztutako hautetsiak ezin dira, legez, kargutik kendu. Herritarrek boto bidez pertsonak hautatzen dituzte zuzenean, eta, beraz, karguak pertsonalak dira. Horregatik ezin dira hautetsiak kargutik kendu, eta horregatik jarraitzen dute hainbat udaletan EAE-ANVko hainbat zinegotzi eta alkatek.

Egoera horri amaitzeko, hauteskundeak igaro ondoren legez kanporatutako alderdien zerrendetan aurkeztuta hautetsi direnei «ondorengo bateraezintasuna» ezartzea proposatu dute PSOEk eta PPk. Hau da, lege erreforma onartzen bada, alderdi bat legez kanporatzen denean alderdi horren zerrendetan aurkeztu ziren hautetsiei kargua kenduko zaie, horiek ez badute hamabost eguneko epean «indarkeria zalantzarik gabe eta beren borondatez gaitzesten». Gaitzespen zehatza egiten duenari ere kendu ahalko zaio kargua, gero «adierazpen horrekin bat ez datozen» adierazpen edo ekintzak egiten baditu.

Ez hori bakarrik. «Legez kanporatutako alderdietako hautagaiei babesa ematen dieten alderdi legalak» ere jomugan jarri ditu lege proposamenak. EAk ezker abertzaleko kideak bere zerrendetan hartzeko aukera du oinarri ekimenak, eta hori gertatzen bada «alderdi garbiaren» zerrendak baliogabetzeko aukera jasotzen du erreformak. Horrek ez luke esan nahiko alderdia bera legez kanpo utziko litzatekeenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.