bilerak

Alderdien Legea, 'Parot doktrina' eta sakabanaketa bukatzeko eskatu ditu Urkulluk, baina gobernuak ez du ezer aldatuko

EAJko buruaren arabera, azaroaren 20ko hauteskundeak baino lehen euskal preso gaixoek behintzat kalean beharko lukete, baina gobernuak berriro esan du hauteskundeak pasatu arte ez duela ezer egingo. Urkullu Espainiako presidentearekin bildu da, Madrilen.

2011ko urriaren 26a
15:48
Entzun

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak hiru eskaera zehatz egin dizkio gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari Madrilen, Moncloan egin duten bileran: Alderdien Legea erretiratzeko, Parot doktrina kentzeko eta euskal presoen sakabanaketa politika bukatzeko. Gobernuak ezezkoarekin erantzun dio.

Urkulluk aitortu du hori dena "egun batetik bestera ezin" dela egin, baina azaroaren 20ko Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak baino lehen euskal preso gaixoek behintzat kalean beharko lukete, haren arabera.

"ETAren amaiera lortzeko elkarrizketa" eskatu du EAJko buruak. ETAk lehengo ostegunean jakinarazi zuen jarduera armatua behin betiko utzi duela.

Ramon Jauregi Espainiako Presidentzia ministroak, ordea, berretsi du ez dutela ezer egingo hauteskundeak pasatu arte. "Politika antiterroristan ez dugu aldaketarik egingo. Gobernu honi ez dagokio une hauetan ekimena hartzea".

Ia bi orduko bilera egin dute Zapaterok eta Urkulluk. 

Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean hartu zuen Urkullu, eta honek bilerara eskaera bikoitza eraman zuen: batetik, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratzeko aukera aztertzeko eskatu zion Lopezi —2009ko martxoan egin zituzten—, eta, bestetik, "salbuespenezko politikak" bertan behera uzteko Espainiako Gobernuari.

Alderdien Legea, 2002tik

2002an Espainiako Alderdien Legea onartu zuen Kongresuak, PPk eta PSOEk sustatuta. Orduko ekainaren 27an jarri zuten martxan. Lege hura oinarri hartuta, ezker abertzaleko hainbat erakunde utzi dituzte legez kanpo edo baliogabe. Azkena, Auzitegi Gorenak Sortu, aurten —Konstituzionala da azken ebazpena ematekoa—.

'Parot doktrina', 2006tik

Espainiako Gobernuak sustatuta, Auzitegi Gorenak 2006an onartu zuen Parot doktrina —197/2006 doktrina—, eta, horren ondorioz, euskal presoei ezarritako kartzela zigorra urtez luzatzen diete (gehienezko 30 urteko egonalditik 40ra). 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoen kasuan, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen dizkiote, eta ez guztira bete beharko liratekeen gehienezko 30 urteko kopuruari, ordura arte egiten zen bezala. Neurri hori 60 euskal presori baino gehiagori aplikatu diete.

Zenbait euskal presok doktrina aurka jarritako helegiteak aztertzen ari da Espainiako Auzitegi Konstituzionala.

Sakabanaketagatik lehen hildakoa, 1982an

Euskal presoen aurkako sakabanaketa politika 1989an jarri zuen martxan Espainiako Gobernuak, baina lehenagotik ere baziren urrunduta presoak, eta kartzeletarako bidaietan 1982an izan ziren lehen senide edo lagunak hildakoak: Rosa eta Arantza Amezaga. Hamasei herritar zendu dira horrela. Horrez gain, eta Etxeraten arabera, sakabanaketa politikagatik 21 euskal preso hil dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.