Ostiralarekin iritsi da BERRIAren 'Hauteskundeen atarian' saioaren amaiera. Kanpainako lehen asterako ekoizpena izan da, eta, Nagore Arin kazetariak zuzenduta, hainbat heldulekutik heldu dio bozei. Azken saio honetan, alderdien komunikazio estrategiak izango ditu hizpide: komunikazio estrategien bilakaeraz, sare sozialen eta euskarri digitalen garrantziaz eta kanpaina hasi denetik alderdiek egin dutenaz jardun dira Estitxu Garai, Mikel Olaiz eta Felix Arrieta. Besteak beste, leloak eta ikus-entzunezkoak ere izango dituzte mintzagai.
Uztailaren 12an egingo dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta kanpaina betean ari dira indar politikoak. Aurtengoa deialdi berezia da, besteak beste, COVID-19aren izurriaren mamupean bozkatuko dutelako herritarrek, eta horrek berak aldatu egin dituelako jada ohitura batzuk; posta bidezko botoaren eskaera, esaterako, hamar bider handitu da. Hain justu, hori izan zen Hauteskundeen atarian telebista saioaren lehen atalaren gai nagusia; uztailaren 12ko bozen berezitasuna. Gaiaz hitz egiteko, Reinaldo Jaio hauteskunde zerbitzuetako zerbitzuburua, Josean Catalan LABek Gipuzkoako Correosen duen ordezkaria eta Ainhoa Novo EHUko irakaslea elkarrizketatu ditu Arinek.
[Youtube]https://youtu.be/8NyWL--Nf98[/Youtube]
Bigarren saioaren ardatza, berriz, honako galdera hau izan da: Zer eskatuko zenioke lehendakariari? Pentsiodun bat, pandemiaren krisiaren eraginez langabezian gelditu berri den pertsona bat eta kontziliazio arazoak dituen beste bat izan dira saioan. Bakoitza bere errealitatetik, beren egoera zein den azalduko dute. Beldurretatik eta kezketatik hasi, eta lehendakari berriarentzat zer eskakizun eta zalantza sorta duten zehaztu dute.
[YouTube]https://youtu.be/cTXq0VGkxTw[/YouTube]
Hirugarren saioan, euskarari erreparatu dio BERRIAren telebista saio bereziak. Pandemia garaian euskararen presentzia zein izan den aztertu zuten duela gutxi Martin Ugalde foroan. Lehentasunen artean ba ote dagoen, horrelako kasuetan bigarren maila batean gelditu ohi den... Testuinguru horretatik abiatuta, alderdien euskararen erabilera du ardatz hirugarren saioak. Horrekin batera, egungo egoera zein den eta aurrera begirako gakoak eta egin beharrekoak zein diren xehatu ditu. Horretarako, Irene Arrarats BERRIAko euskara arduraduna, Jon Sarasua kulturgilea eta unibertsitateko irakaslea eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia jardun dira saioan.
[YouTube]https://youtu.be/K-VEAno9s7Y<`[/YouTube]
Emakumeen presentzia Eusko Legebiltzarrean, hori da laugarren eta azken-aurreko saioaren abiapuntua; izan ere, aurreko agintaldian, emakume parlamentari gehiago izan ziren Eusko Legebiltzarrean gizonezko parlamentariak baino. Emakumeen presentzia handiagoa izateak, baina, ez du zertan esan nahi feminismoaren presentzia handitu denik. Horregatik, testuinguruaren eta gertatu denaren analisia egiten ahaleginduko dira gonbidatuak: egungo egoera zein den eta aurrera begirako arretaguneak zein izan daitezkeen zehazteko. Arantxa Elizondo EHUko Politika Zientzietako irakaslea, Zuriñe Rodriguez ikerlaria eta Elixabete Garmendia kazetaria izango dira saioan.
[YouTube]https://youtu.be/o8uVvWCunPc[/YouTube]