Politika

Alderdien mahaia sortzeko lehen fasea irailean hasiko dela berretsi du Ibarretxek

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek esan du bilerak egin beharko direla alderdien mahaia osatzeko, metodologiaz, edukiez eta antzekoez hitz egiteko. Lehen fase hori irailean hasiko dela iragarri du. Bestalde, atzo egindako adierazpenak argituz, Batasuna eta PSOE biltzea "oso ondo" iruditzen zaiola azaldu du; esan duenez, gaizki iruditzen zaiona beraiek bildu, eta Ibarretxek mahaia proposatutakoan PSE-EEk hura kritikatzea da. Batasunari, berriz, esan dio beraiek esan zutela Anoetan "ezin dela konponbidera iritsi indarkeriako egoera batean".

2005eko ekainaren 29a
18:06
Entzun
Ajuria Enean bertan egin dio elkarrizketa 'Radio Euskadi'-k Ibarretxeri. "Garai berriak" direla esan du Ibarretxek, eta horiek "aprobetxatu" egin behar direla iritzi dio. EAEko legebiltzarreko hauteskundeetan "hitz egin eta konponbidea bilatzeko esan zuen gizarteak" Ibarretxeren iritziz, eta, baita "indarkeria amaitzeko" ere.

Horretarako ezinbestekotzat jo du alderdien mahaia sortzea. PSOE eta Batasuna hitz egiten ari direla esan du, eta hori "oso baikorra eta beharrezkoa" dela azpimarratu du, baina, gauzak horrela, PSE-EEk esatea alderdien mahaian ez direla eseriko ez zaio ondo iruditzen.

"Ez da baldintza"

Bestalde, Batasunari esan dio, beraiek esan zutela Anoetan, "ezin dela konponbidea lortu indarkeria giro batean". Izan ere, atzo ohartarazi zion Ibarretxek Batasunari, alderdien mahaia osatzeko indarkeria baztertu behar dela. Batasunak erantzun zion, "ez dagoela ondo" baldintzak jartzea. Gaur, Ibarretxek esan du, ez dela "elkarrizketa antzuetan" sartuko, komunikabideetan, baina Batasunari esan dio, ideia hori beraiek ere azaldu zutela, Anoetan.

Ibarretxek esan du, "indarkeriarik ez izatea" ez dela hitz egiteko baldintza bat, baina "normalizazio politikorako" akordio bat lortzeko, "behar beharrezkoa" da bere ustez, "ETAren indarkeria bukatzea, eta baita kale borrokarena ere". Batasunak ere hori jakin badakiela esan du gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.