Konponbide prozesuaren inguruko bi proposamen bozkatu dituzte Nafarroako Parlamentuan, politika orokorreko saioan. Lehendabizikoa PSNk bultzatu du, eta Espainiako Kongresuak onartu zuenaren berdina da. UPNk aurka bozkatu badu ere, aurrera atera da. Bigarrenean, "instituzioetatik kanpo" elkarrizketa mahaiak eratzea gaitzesten da. Puntu hori ere aurrera da UPN eta CDNren aldeko botoei esker. PSN eta IUN abstenitu egin dira.
PSNren proposamena Fernando Purasek aurkeztu du. Prozesuaren inguruan sortzen ari diren planteamendu berriei iskin egin behar zaiela iritzi dio Purasek eta zuhurtziari eutsi behar zaiola. Horregatik, proposatu du Espainiako Kongresuak elkarrizketari aukera emanez onartu zuen deklarazioa berrestea. UPNk ezik, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten talde guztiek alde bozkatu dute. Hori dela eta, atzo keinu bat egin arren, lehengo jarrera berari eustea leporatu dio PSNk Miguel Sanz Nafarroako presidente eta UPNko buruari.
Hain justu, alderdi horrekprozesuaren inguruan egindako proposamena eztabaidatu eta bozkatu dute hurrena Nafarroako Parlamentuan. Zehazki, UPNk eta CDNk aurkeztu dute, eta puntuetako batean "instituzioetatik kanpo" elkarrizketa mahaiak osatzea gaitzesten du; hau da, alderdien mahairik eratzea. UPNk eta CDNk horren alde bozkatu dute, eta PSN eta IUN-NEB abstenitu egin dira. Aralarrek eta EAk bozkatu dute aurka.
Nolanahi ere, UPNk eta CDNk egindako proposamenaren beste puntu batzuekin bat egin dute PSNk eta IUNk, besteak beste, "Nafarroa trukerako txanpon" ez dadila izan eskatzen duenarekin.
Politika
Alderdien mahaiaren aurka bozkatu dute UPNk eta CDNk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu