Epaitu aurretik, 21 egunez izan ziren Juan Lopez Uralde (Donostia, 1963) eta Greenpreaceko beste hamar kide espetxean inkomunikaturik. Jazarpen politikoa eta juridikoa salatu ditu Donostiako ekintzaileak.
Zer irizten diozu ebazpenari?
Hasiera batetik salatu izan duguna: prozesu judizial honetan gure aurka hartu dituzten neurriak gehiegizkoak izan direla eta horren guztiaren atzean jazarpen politikoa baino ez zegoela. Azkenean, bete dugun kartzela zigorra baino gutxiagora kondenatu gaituzte, eta baztertu egin dute akusazio larriena, politikoena, erreginaren aurkako delitua egozten ziguna. Funtsean, ebazpenak nor bere lekuan jarri du, eta argi utzi du gurea Kopenhageko goi bilerako porrotak eragin zuen protesta baketsua izan zela. Halako jazarpen politiko eta juridikoek aktibismo zibila baretu eta geurearen gisako protestarik ez errepikatzea baino ez dute helburu.
Protesta egin zenutenen aurkako akusazioa lausotzen joan da prozesu juridikoan zehar, eta fiskalaren azken zigor eskaria bera baino urriagoa izan daezarri zaizuen zigorra.
Hasiera batean, sei urteko zigorra eskatu zuten, gero hiru urtekoa, gero bikoa... Bi urte luze iraun duen prozesu juridikoan, kikildu nahi izan gaituzte bai protestan aritu ginenok baita aktibistak oro har ere. Jendearen konpromisoa, mobilizazioa oztopatu nahi izan dute. Beldurra da haien metodo bakarra.
Espainiako Greenpeaceko buru Miren Gutierrezek «beren burua zuritzeko ebazpena» izan dela salatu du.
Aldez aurretik egin zutena justifikatu du epaiak orain. Dena alderantziz egin dute: lehenik ebazpena, eta gero, zigorra ezarri ordez, 21 egunez kartzelan inkomunikaturik izan gintuzten; orain, egin zutena zuritu behar izan dute, justua izan zela erakusten saiatu behar izan dira. Edonola ere, ebazpenak berak ere ez du ezarri ziguten zigorra babestu.
Zein eragin izan lezake ebazpen horrek etorkizunean zuenaren tankerako protesten aurka esku hartzean?
Botere politiko eta ekonomikoa aktibistak estutzen eta kikiltzen saiatuko da, gero eta gogorrago, gainera. Baina, uste dut gure kasuak zera erakutsi duela: egindakoaz ziur bazaude eta era baketsuan egin baduzu, azkenik arrazoi emango dizutela. Bidean, hori bai, sufrimendu antzua jasan beharko duzu. Ez dago Kopenhagera joan beharrik. Greenpeacen aurka egin den azken epaiketan, 190.000 euroko kalte-ordaina eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zituzten. Badakizu zergatik? Pasaiako Iberdrolaren zentralean tximinia batean protesta egin izanagatik. Aktibismoa kriminalizatu nahi dute, etengabeko jazarpenaz. Guk aintzat hartzen ditugu gure ekimenek eragin litzaketen ondorioak, baina neurriz kanpokoak izan ez daitezen eskatzen dugu, eta interes politiko eta ekonomikoek ez dezaten zigorra puztu.
Juan Lopez Uralde. Espainiako Greenpeaceko buru ohia
«Aldez aurretik egin zutena justifikatu du epaiak orain»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu