Daturik adierazgarrienak aztertzerakoan, aldi baterako kontratuen tasak izan duen jaitsierari garrantzi berezia aitortu zion Azkarraga sailburuak. Hala, urtebetean bost puntu egin du atzera: %29,5 izatetik %24,1 izatera pasa da. Guztira, 50.700 kontratu mugagabe gehiago izan ziren iaz. Hala, langileen hiru laurdenek horrelako kontratuak dituzte. Datuak, ostera, ez du estaltzen artean ere Europarekin dagoen aldea: tasa eurogunean %8 eta batasun guztian %10 txikiagoa da.
Koadroan zuzendu beharreko puntuen artean, prekarietatea murriztearekin batera, jarduera tasa aipatu zuen Azkarragak. Gaur egun, %70aren bueltan dago, inguruko herrialdeen pare, baina bilakaera «geratu» delako susmoa du Lan Sailak. «Soilik etorkinen etorreraren bidez, eta emakume gehiago lanean sartuz lortuko dugu kopurua handitzea», zehaztu zuen Azkarragak.
Ildo horretan, oraindik ere 55 eta 64 urte bitarteko pertsonen enplegua Lisboako goi-bileran Europak ezarri zituen helburuetatik urrun jarraitzen du. Gaur egun, %43,4 da, eta 2010. urterako %50 izatea aurreikusi zen. Edonola ere, sailburua baikor da, eta datozen hiru urteetan ahalegin bat eginez hurbil egongo direla uste du.
Adineko lagunekin gertatzen den modura, gazteen lana suspertu beharra ere funtsezkoa da departamenduarentzat. Orain ez da 16 eta 24 urte bitarteko pertsonen heren batera iristen. Neurrien artean, lanaldi partziala bultzatu nahi dute.
«Enplegu partziala oso gutxi erabili da, baina gazteen artean enplegua sustatzeko bide egokia izan liteke. Esaterako, lana eta ikasketak bateratzeko aukera ematen lagundu beharko genuke», aurreratu zuen Joseba Azkarraga sailburuak. Neurri zehatzagoak aipatu ez zituen arren, Lan Saila prestatzen ari den Enplegu Plan berriak horren haritik ekimenen bat jasotzea posible da.
OKUPAZIOA, MAILA «HISTORIKOETAN». Enplegua gizonen nahiz emakumeen artean igo da. 2006 urtearen amaieran 972.000 pertsona okupaturik zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, inoiz baino gehiago. Lan Sailak azpimarratu du okupazioa eta enplegua maila «historikoetan» daudela.
Hazkundea, neurri handi batean, emakumeen parte-hartzeari zor zaio. Iaz sortu ziren 20.400 lanpostu berrietatik 13.800 emakumeentzat izan ziren. Hori dela eta, lehenbiziko aldiz 400.000 emakume okupatu baino gehiago egon dira, eta dagoeneko haien enplegu tasa, %58,3koa, Europako batez bestekoen gainetik dago. Herrialde guztietan hazi bada ere, okupazioaren igoera batez ere Bizkaian nabaritu da, okupatu berrietatik %80 izan baitziren herrialde horretakoak.
Sektoreen artetik, deigarria da enplegua eraikuntzak baino ez duela galdu - 3.900 lanpostu - urte luzez ekonomiaren motore indartsuenetako bat izan ondoren. Azkarragaren ustez, dena den, horrek ez du inolako joerarik iradokitzen. Hamarkada oso batean beti igotzen egon eta gero gorabeherak egotea normaltzat jo zuen.
Enplegu betea hurbil dago, beti ere Lan Sailak emandako datuen arabera. Langabezi tasa %3,4 izan zen joan den urte bukaeran. Oro har, «iraupen laburreko» langabezia izaten ari dela zehaztu zuen Azkarragak. Guztira, 14.800 langabe gutxiago zenbatu ziren. Araban 900 lagun gehiago izan ziren, baina ez dela datu kezkagarria nabarmendu dute departamendutik. «Jarduera tasa handitu da, horrek esan nahi du jende gehiago animatu dela enplegua bilatzera», arrazoitu zuen Juan Jose Loroño Lan sailburuordeak.
«Ezbeharren aurkako planaren helburuak bete egin dira»
Osalanek emandako datuen arabera, joan den urtean 52 behargin hil ziren lanpostuan eta beste 12 lanerako bidean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Aurreko urtean baino 18 ezbehar hilgarri gutxiago gertatu ziren. Haatik, egoera «larria» dela eta tasa «handiegia» dela onartu zuen Joseba Azkarraga Lan sailburuak.Orotara, ezbeharren portzentaiak jaitsi dira ia atal guztietan. Nekazaritza da salbuespena. Hilgarriak 2005ekoak halako hiru dira (sei, guztira), eta arinak (%12) eta larriak (%11) handitu dira. Ezbeharren eragina, istripu kopurua mila langileko, hiru puntu gutxitu zen, eta 61,54an kokatu zen. Jazo ziren laneko istripu guztietan zauritu ziren langileen erdiak gaixo agiria behar izan zuen.
Arazoak arazo, beharreko istripuei aurre egiteko 2003-2006 plan zuzentzaileak «helburu guztiak bete» dituela ziurtatu zuen Azkarragak. «Eragin tasa orokorra 12 puntu jaistea lortu da, 2002an aurreikusi genuen murrizketa baino hiru aldiz gehiago». Eraikuntzan bost puntu jaisteko asmoa bazegoen, hori ia 55 puntutan gainditu dela azpimarratu zuen, bestalde, sailburuak.
Istripuen datuak ez datoz bat beste erakunde batzuek emandakoekin. LABek, esaterako, hiru herrialdeetan 93 hildako egon zirela salatu du.