Espainiako Kongresuan lege proposamen bat aurkeztu dute jeltzaleek. Estatuko Interes Orokorreko Trenbide Sareko Linea eta Zatien Katalogoa osatzen ari dira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik igarotzen diren aldirietako trenak katalogo horretatik kanpo uzteko proposatu du EAJk lege ekinaldi baten bidez.
1979ko autonomia estatutuaren 10.32 artikuluari heldu dio EAJk eskari hori egiteko. Izan ere, artikulu horren arabera, garraiobideen eskumen esklusiboa erkidegoarena da. Jeltzaleek adierazi dute Espainiako Estatuak ez duela argudiatu zergatik mantentzen dituen "interes orokorreko linea" gisa ibilibide osoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik egiten duten tren zerbitzuak.
Horrez gain, tren zerbitzu horien eskumena EAEren esku uztea "behin eta berriz" eginiko eskakizun bat izan dela nabarmendu du EAJk. Zehazki, honako hauek dira katalogotik kanpo uzteko eskatutakoak: Santurtzi-Abando, Muskiz-Barakaldo, Bilbo-Santurtzi, Ariz-Basurtu, Casilla-Lotune Orratza eta Lutxana-Irauregi.