Aldundiak dio Zarautzen hildako umea amarekin egoera onean utzi zuela

«Ezin gara izan gipuzkoar guztien polizia», adierazi du Maite Etxaniz Gizarte Gaietarako diputatuak

mikel rodriguez
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du uztailetik aitzinera ez zuela izan Zarautzen (Gipuzkoa) hildako umearen egoeraren berririk, eta orduan artatu zutenean egoera onean zegoela. Maite Etxaniz Gizarte Gaietarako diputatuak atzo egindako agerraldian zehaztu zuenez, umearen amak hil horretan bere borondatez erabaki zuen gizarte zerbitzuen laguntza uztea. «Ezin gara gipuzkoar guztien polizia izan», adierazi du Etxanizek. Urte eta erdiko haurra lehengo astean agertu zen hilik Zarauzko moilatik gertu, eta haren aita espetxera bidali zuen epaileak. Kasua sekretupean dago.

Aldundiak bitan artatu zituen ama eta bi seme-alabak -hildako neskatoa, eta bertze aita bat duen semea- tratu txarrak jasandako emakumeentzako zerbitzuan. Etxanizen arabera, bi aldietan amak bere borondatez utzi zuen gizarte zerbitzuen laguntza, eta erakundeak ez zuen seme-alaben egoerarekiko zantzu txarrik antzeman. «Ez zuten inolako babesgabetasunik, amak bikain zaintzen zituen, beraz, ez zen esku hartzeko beharrik egon. Guri dagozkigun protokoloak zuzen bete ditugu». Etxanizek jakinarazi du amak bakarrik zuela alabaren zaintzarako eskubidea.

Gizarte zerbitzuen zaintza uzterakoan, emakumea Madrilera joan zen, han bizi ziren senide batzuengana. Etxanizek azaldu du harat bidaiatzeko laguntza eskatu ziola aldundiari. Erakundeak autobuseko bidaia ordaindu zion, eta Madrilgo larrialdi zerbitzuei deitu zien emakumea senideen etxebizitzaraino eramateko, Etxanizen arabera. Hortik aitzinera, emakumearen eta seme-alaben berririk ez zutela izan onartu du diputatuak. «Madrilera joan zela dakigu. Ondoren, ez dugu egiten baliabide bat bukatu duen pertsona bakoitzaren jarraipenik». Emakumea orain aldundiaren «zerbitzu batean» dagoela jakinarazi du Etxanizek.

Aita, astelehenetik espetxean

Hildako haurraren aita joan den astelehenean bidali zuen epaileak Martuteneko espetxera (Donostia), bermerik gabe. Kasua sekretupean dagoenez, epaileak oraindik ez du jakinarazi zer leporatzen dion. Asteburuan, berriz, Rafael Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordeak adierazi zuen gertatutakoa giza hilketa izan zela pentsatzeko «arrazoizko zantzuak» daudela, baina kasua argitzeke dagoela aitortu zuen. Iturriagak jakinarazitakoaren arabera, aitak Ertzaintzari egindako deklarazioak aski «nahasgarriak» izan dira, eta ez dira «sinesgarriak». Autopsiak argitu zuen haurrak ez zuela indarkeria zantzurik eta itota hil zela.

Urte eta erdiko umea hilaren 7an agertu zen itota Zarautzen, moilatik hurbil. Aitarekin zegoen lotan, kale gorrian, eta hark eman zuen desagertzearen berri. Ertzaintzak atxilotu egin zuen aita, joan den abuztutik haren kontrako bilatze agindua zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.