Mugagabeko greban zeuden sindikatu denek ontzat jo dute Bizkaiko Aldundiarekin egindako akordiorako oinarria, eta, orain, langileek dute hitza. Gaurtik astelehenera bitarte deitutako batzarretan, akordio hori berretsi beharko dute, eta hasiak dira zeregin horretan. Itun horrek beharginen oniritzia jasotzen badu, azaroaren 4an sinatuko da, eta greba behin betiko geratu da bertan behera.
Goizean ELAk egin duen batzarrean, langileen %97k babestu dute hitzarmena, Iñaki San Andres sindikatuko ordezkariak jakinarazi duenez. San Andresek argi utzi zuen atzo, ituna hitzartu berritan, zein den lorpen handiena: "Lanpostu guztiak mantenduko dira".
UGTko Pedro Markina ordezkariak nabarmendu du gatazkak "sakrifizioa handia" eskatu diela langile nahiz erabiltzaileei, eta penagarritzat jo du diputazioaren jarrera. Sindikatuak astelehenean du egitekoa batzarra.
LABek ontzat jo du aurreakordioa, uste baitu iaz aldundiarekin sinatutako ituna blindatzen duela. Era berean, sindikatuak dio aldundiak azalpenak eman beharko dituela, argitzeko zergatik pasatu dituen "horrenbeste egun" akordioa sinatzeko. "Egoera honetara iritsi aurretik konpon zezaketen, eta orain akordioa hainbeste atzeratu izanaren errua beste batzuen gain jarri nahi dute".
Itziar Garamendi Bizkaiko Garraio diputatuak esan duenez, akordioa "ona" da, baina hori lortzeko "ez zen beharrezkoa" greba; "hitz egiteko eta akordio batera heltzeko borondatea" behar zen. Haren ustetan, gatazka ez da "lan arazo bat" izan.
Hamahiru protesta egun behar izan dira, azken laurak —astelehenetik— greba mugagabean, baina atzo akordiorako oinarri bat lortu zuten Bizkaibuseko beharginen ordezkariek eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta gaur beharrera bueltatu dira. Sindikatu guztiek —ELA, UGT, CCOO, LAB eta LSB— ontzat jo dute akordioa.