Hilketa

Alegian gizonezko bat hil zuen ertzainaren kontra epaiketa hasteko agindu du auzitegiak

2003ko abenduaren 19an Alegian (Gipuzkoa) gizonezko bat hil zuen ertzainaren aurkako ahozko epaiketa hasteko agindu du Tolosako Auzitegiak; behin-behineko akusazioan zuhurtzigabekeriaz egindako giza hilketa leporatzen dio Fiskatzalak ertzainari, eta bi urteko espetxe zigorra eskatu du haren aurka. Hil zuen gizonezkoa, Beasaingo Jose Atanes, lanetik etxera zihoan, ertzainek jarritako trafikoko segurtasun kontrolean geratu eta tiroa jaso zuenean. Bertsio ofiziala eta familiarena ez datoz bat.

2005eko ekainaren 17a
15:44
Entzun
Izan ere, Fiskaltzak jaso duen bertsioaren arabera, N-1 errepidean, Alegia parean, istripu bat gertatu zela eta trafikoa arautzen ari zen bi ertzainetako bati segurtasun kontrolean geratu ziren bi autotako kideen artean zerbait arraroa gertatzen ari zela iruditu zitzaion. Hots, bigarren gelditu zen kotxeko gidaria atera, aurrekora joan eta han zeudenei oldartu zitzaiela.

Auto gidari hori Jose Atanes 42 urteko beasaindarra zen. Liskarra zegoela iruditu zitzaion Fiskaltzaren bertsioaren arabera ertzainari, eta horregatik, pistola eskuan (gainera segurua kendu zion) Jose Atanesengana hurbildu eta sorbaldatik heldu zion. Indarka ari zirela tiro batek alde egin zion, eta Atanes bete-betean harrapatu eta hil zuen.

Familiak, ordea, oso bestela ikusi zuen gertakaria. Izan ere, aurreko autoan zihoazenak Atanesen lankideak ziren (tartean Vicente anaia), eta atzetik Atanes bera Edurne Cornejo emaztearekin zihoan.Cornejok 2004ko urtarrilean BERRIA-ri agertu zionez, arrazoi argirik gabe autoaren atze aldera eraman zuen ertzainak Atanes eta han tiro egin zion.

Esan bezala, zuhurtzigabekeriaz egindako giza hilketa leporatzen dio Fiskaltzak. Bi urteko espetxea, lau urteko inhabilitazioa eta armak erabiltzeko beste lau urteko debekua eskatu du zigor gisa. Bikotekidearentzat 99.305 euroko kalteordaina galdegin du eta 8.275ekoa guraso bakoitzarentzat.

Familiaren akusazio partikularrak, berriz, 4 urteko espetxea eta6 urteko inhabilitazioa eta arma debekua eskatzen du. Kalteordainak, berriz, nabarmen handiagoak: 600.000 euro bikotekidearentzat, 300.000 gurasoetako bakoitzarentzat eta 60.000 anaiarentzat.

Jaurlaritza arduradun zibil izendatu Auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.