II. Mundu Gerra hasi baino lehenago, lurrinak eta xaboiak egiten zituen Grunenthalek, baina gerra amaitzearekin batera, beste norabide bat hartu zuen zuzendaritzak. 1939ra arte, Grunenthal familiarena izan zen enpresa, Wirtz anaien esku geratu zen, eta haiek sortu zituzten Chemie Grunenthal laborategiak, 1946an. Garai bertsuan sartu ziren enpresan Martin Staemmler eta Ernst-Gunther Schenck, besteak beste. Lehena naziek bultzatutako arraza garbiketa programaren bultzatzaile sutsua izan zen, eta Polonia okupatu osteko hilabeteetan SSko arduradun egin zuten. Schenck, berriz, SSko elikadura arduraduna zen —kontzentrazio esparruetako presoekin probatu zuten hark asmatutako proteinadun saltxitxa, eta hainbaten heriotza eragin zuen—; ondorioz, Alemanian medikuntza arloan aritzea debekatu zioten. Dena den, laborategietan aritutako nazi ohien artean ezagunena beste bat da, Otto Ambros. Hasiera batean pestizida moduan erabiltzeko sortutako sarin gasaren asmatzaileetako bat izan zen —gasa arma kimiko gisa erabili zen gerora—. Hitlerren aholkulari izateaz gain, gerra krimenak egiteaz akusatutako IG Farben botika enpresako zuzendaritzako kide ere izan zen Ambros. 1948an, Nurembergeko epaiketan, zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Ambrosi, esklabotza eta masa hilketak egotzita. Baina lau urte geroago, aske utzi zuten AEBetako Armadarentzat lan egin zezan, Gerra Hotza zela eta. Grunenthalen aholkularitza batzordeko kide zen Ambros, talidomida aurkitu zuten garaian.
Heinrich Muckter izan zen 1968an, talidomidari buruzko auzian, epaitutako beste buruetako bat. Gerra garaian, tifusaren aurkako txertoa ikertzen aritu zen Muckter, gaitzak galera handiak eragiten baitzituen soldaduen artean. Baina bakterioa berehala hiltzen zen giza gorputzetik ateraz gero; beraz, ikerketan aurrera egin ahal izateko, presoei txertatu zieten, eta, ondoren, haiekin probatu zituzten txertoak. Besteak beste, Auschwitzen, Buchenwalden eta Grodnoko kontzentrazio esparruetan egin zituen Muckerrek esperimentuak. Gerra amaitutakoan, haren aurkako atxilotze agindua eman zuen Poloniak, baina Gerra Hotzak bere alde jokatu zuen, eta AEBek eurekin lan egiteko errekrutatu zuten. Hortaz baliatu zen Grunenthal lan eskaintza egiteko.