Alerta egoera izanen da gaur ere, giroa freskatzen hasi aurretik

Urteko egunik beroena izan zen atzokoa Hego Euskal Herriko hainbat tokitan. Tenperaturak 40 gradura iritsiko dira gaur herrialde gehienetan, eta 43 gradu espero dituzte Nafarroan

Termometro bat kalean, Bilbon. 43 gradu markatu zituen atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bero bolada ez da oraindik amaitu, baina etenaldia iragarri dute jada meteorologia agentziek. Iragarpenen arabera, baliteke 42 graduren bueltan ibiltzea termometroak gaur Euskal Herriko zenbait tokitan, baina freskatu egingo du bihartik aurrera.

Atzokoa urteko egunik beroena izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri askotan. Euskalmetek alerta laranja ezarria zuen hiru herrialdeotan, baina abisua zorroztu zuen, eta alerta gorria ezarri 15:00etatik eta 18:00etara. Zehazki, Gueñesen (Bizkaia) dagoen Sodupeko estazio meteorologikoak 44,8 gradu erregistratu zituen 16:00 aldera. Bilbon, berriz, 41,4 gradura iritsi ziren. Euskalmetek jakinarazi duenez, Lasarten (Gipuzkoa), ordu horretan, 38,2 gradura iritsi ziren; Oiartzunen (Gipuzkoa) berriz, 35,5 gradura, Gasteizen 39,2 gradura, eta Kanpezun (Araba) 38,8ra. Osakidetzaren arabera, atzo gutxienez 35 lagun artatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bero handiaren ondorioz.

Gaur iluntzean amaitzekoak dira Euskal Herri osoan muturreko beroagatik ezarritako alerta laranjak. Euskalmeten arabera, beroa barnealdeko eremuetan nabarituko da bereziki, baina giroa freskatu eginen da Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeetan, batez ere mendebaldean. Izan ere, haizeak ipar-mendebaldera joko du, eta horrek eragina izanen du tenperaturan. 32-34 gradu inguruan ibiliko dira termometroak eremu horretan. Barnealdera, berriz, arratsaldean helduko da ipar-mendebaldeko haizea; gehienezko tenperaturak 40 gradu artekoak izanen dira ia egun osoan.

Nafarroan, berriz, gaur espero dute bero boladaren oldarraldirik bortitzena. Aemet agentziaren arabera, 43 gradu arteko tenperaturak erregistratuko dira herrialdeko eremu askotan, ipar-ekialdeko udalerri batzuetan izan ezik. Horietan, 37 gradura iritsiko dira. Tenperaturarik apalenak ere oso beroak izanen dira: Ebro inguruan, 25 gradu ingurukoak. Halaber, ohartarazpena egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, suteak pizteko «muturreko arriskuagatik». Alerta laranja ezarria dute gaurko.

Hala ere, gaur iluntzean amaitzekoa da beroaldia, eta meteorologia agentziek iragarri dute nabarmen freskatuko duela datozen egunetan. Euskalmeten arabera,bihar asko freskatuko du eskualde guztietan, baina termometroak 30 gradura iritsiko dira oraindik Araban eta Nafarroako hegoaldean.

Aparteko baliabideak

Muturreko tenperaturek kolektibo baztertu eta zaurgarriei eragiten diete gehien, eta, horri aurre egiteko, etxegabeentzako aterpeen zerbitzua indartu du Iruñeko Udalak. Hala, zortzi pertsona gehiagorentzako tokia atondu dute udal aterpetxean, eta aukera ematen diete dutxa hartzeko, jateko eta gune komunak erabiltzeko. Abuztuaren 8az geroztik, 46 pertsonak erabili dute zerbitzua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.