Espainiako Gobernuak adierazi du asmoa autonomia erkidego guztietan izurriari aurre egiteko neurriak bateratzekoa, eta horretarako ezarri nahi dituen irizpideei buruzko zirriborroa zabaldu da. Hainbat hedabidek eman dute horren berri. Han jartzen duenaren arabera, egungo datuak aintzat hartuta, Nafarroa alerta «muturrekoan» legoke, arrisku maila handienean; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa koska bat beherago daude: alerta egoera «maila handikoa» dute.
Neurrien artean ostalaritzaren jarduna murrizteko proposamenak eta jendearen pilaketa mugatzekoak daude. Madrilek esan du hainbat irizpideri erreparatuko diola erabakiak hartzeko, baina testuinguruan hartu beharko direla kontuan beti. Asteazkenean da Madril testua autonomia erkidegoetako buruzagiekin aztertzekoa.
Eusko Jaurlaritzak ere adierazi du ezinegona COVID-19 positiboek aste honetan izan duten igoera nabarmenarengatik. Bilera egingo du bihar Iñigo Urkullu lehendakariak larrialdiei aurre egiteko planaren aholku batzordearekin. Hainbat jardun mugatzeko neurri murriztaileak espero dira hor ere.