Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta gorria ezarriko du astebururako, haize bolada gogorrak izango direla baitiote iragarpenek. 150 kilometro orduko haizeteak izan daitezke, eta baita handiagoak ere. Ziklogenesi lehergarria izateko arriskua ere aipatzen dute iragarpenek. Orain hurrena 2008an izan zen Euskal Herrian haize fenomeno ikusgarria, eta kalte nabarmenak eragin zituen. Larrialdi plana prest du badaezpada Jaurlaritzak.
Unerik gogorrena larunbateko 15:00etatik igandeko 03:00etara izango da, iragarpenen arabera. Mendiguneetan, haize boladek gainditu egingo dute 150 kilometroko abiadura. Gainerako lekuetan litekeena da 120 kilometro orduko abiadura gainditzea, bereziki Arabako lautadan eta Bizkaiko mendebaldean. Hegotik joko du haizeak.
Bihar, krisi mahaia osatuko dute Jaurlaritzak, diputazioek, zenbait udalek eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak. Halakoetan ohikoak diren aholkuak eman ditu Herrizaingo Sailak: ateak, leihoak eta eguzki oihalak ixtea; kalera eror daitezkeen gauza guztiak kentzea; eta eraikuntzako aldamioak-eta kentzea. Haizeteak kalean harrapatuz gero, berriz, zuhaitzen eta gisakoen paretik kentzeko eskatu du Jaurlaritzak, haiek erorita ere. Errepidean ere erne ibiltzeko deia egin du Herrizaingo Sailak, eta itsasora ez irteteko eskatu du.
Eguraldia
Alerta gorria ezarri du Jaurlaritzak astebururako, haize indartsuagatik
Haizeak 150 kilometro orduko abiadura gaindi dezake, iragarpenen arabera. Gainera, litekeena da ziklogenesi lehergarria izatea. Krisi mahaia eratuko dute bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu