Euskalmetek alerta laranja eman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan astearte gauera arte. Meteorologia agentziak iragarri du tenperaturak 35 gradutara igoko direla kostaldean, eta 40 graduren langa gainditu dezaketela barnealdean.
Eguerdiko 14:00etan 40 graduren bueltako tenperaturak erregistratu ditu Euskalmetek. Barnealdean egin du bero handiena; Oletan (Araba), esaterako, ia 38 gradu egin ditu. Kostaldean ez da horrenbesterakoa izan beroa, eta 35 graduren inguruan ibili dira tenperaturak. Antzeko giro sargoria iragarri dute biharko; hala ere, haizea ipar-mendebaldetik sartuko da bihar arratsaldean, eta baliteke gaur beste ez berotzea.
Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak, berriz, abisu horia eman du gaurko Nafarroan, baina laranjara igo du bihar arratsalderako. Eguerditik 18:00etara bitartean izango da bero handien, eta espero da tenperaturak 40 graduren inguruan ibiltzea. Iparraldean ez dute alertarik eman.
Asteazkenetik aurrera epeltzera joko du. Nafarroan abisu horian jarraituko dute, eta alertarik ez dute eman Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.