Bigarren saioan lortu dute Alex Txikonek eta Jose Manuel Fernandezek Laila Peak (6.096 m) mendiaren neguko lehen igoera sinatzea. Aurretik, bi alditan soilik iritsi dira Karakorumeko mendi ederrenaren gailurrera; horrela, Txikonek eta Fernandezek orotara hirugarren igoera egin dute, neguko urtaroan egin den lehenengoa. Juanjo San Sebastian eta Ramon Portilla beste bi espediziokideek ez dute bigarren saiorik egin, lehen saiotik lesioak dituztelako.
“Oso baldintza txarrak izan ditugu, 60 km orduko haize ufadak, elur hauts asko eta tenperatura baxuak, -35 gradukoak”, adierazi du Alex Txikonek behe kanpalekutik. “Oso pozik gaude egin dugun lana oso handia izan delako, eta behe kanpalekura onik iristea lortu dugulako. Gorako bidean bi une larri pasa genituen eta garrantzitsuena behe kanpalekura iritsi izana da”. “Gailurretik bigarren kanpalekurainoko jaitsiera erdia gauaz egin genuen eta tentsio handiko uneak izan ziren, beldur handia pasa genuen”, azaldu du Txikonek.