Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak

Alfonso Alonso izendatu du PPk Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai

EAEko Alderdi Popularraren presidentea hautatu dute lehendakarigai Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. "Ilusiozko lurralde bihurtu nahi dugu Euskadi, enpleguarentzako eta lehiakortasunerako erakargarria".

Alfonso Alonso, Gasteizen, haren hautagaitza jakinarazten. DAVID AGUILAR / EFE
Berria
2016ko abuztuaren 1a
19:08
Entzun

Alfonso Alonso da Alderdi Popularraren lehendakarigaia. Espainiako jarduneko Osasun ministro denak adierazi du "ohorea izan dela Espainiaren alde lan egitea ministro izanik; orain hemendik egingo dut lan". Alonsok uste du azken lau urteetan "Euskadik gehien behar zuenean, Lakuak ez duela ezer egin". Horregatik, "ilusiozko lurralde bihurtu nahi dugu Euskadi, enpleguarentzako eta lehiakortasunerako erakargarria".

Espainiako Gobernuko jarduneko Osasun ministroa da Alonso, eta kargua utzi beharko du. Azken aldiz ministroen kontseiluan hartuko du parte datorren larunbatean.

Ahal Dugu-k gaur arratsaldean jakinaraziko du nor den euren lehendakarigaia. Nagua Alba Ahal Dugu-ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak eta Pablo Echenique Podemoseko Antolakuntza idazkariak agerraldi bat egingo dute, 18:00etan. Sei hautagai lehiatu dira: Pili Zabala, Juan Luis Uria eta Ruben Belandiaz gain, hiru hautagai independente aurkeztu dira: Zaloa Aizpiri Agirre, Manuel Garcia Alfaro eta Olga Uruñuela Cuenca.

Gainerako indar politiko nagusiek zehaztuak dituzte lehendakarigaiak: Iñigo Urkullu aurkeztuko du EAJk, Arnaldo Otegi EH Bilduk eta Idoia Mendia PSE-EEk. Irailaren 25ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Datari buruzko zurrumurruak ostiralean argitu zituen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Eusko Legebiltzarra desegiteko dekretua eta erkidegoko hauteskundeen deialdia bihar agertuko dira EAEko agerkari ofizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.