Alfonso Garcia (PSE) eta Amaia Fernandez (PP) izan dira Barakaldoko alkate ohi Tontxu Rodriguezen (PSE) postua hartzeko hautagaiak. Azkeneko udal hauteskundeetan PSEk bildu zuen boto gehien, eta alkate berria alderdi horretakoa da. Hala ere, ez dute gehiengo absolutuz aukeratu.
Sozialisten botoak eskuratu ditu Garciak (zortzi), eta Fernandezek PPren bostak. Bilduk (lau boto) eta EAJk (sei boto), berriz, zuri bozkatu dute; Ezker Anitzak, berriz, ez du bozketan parte hartu.
Azpiegitura zinegotzia eta bigarren alkateorde zen Garcia orain arte, baita udaleko talde sozialistaren bozeramaile eta Inguralde tokiko garapenerako agentziaren lehendakaria ere.
Udal gobernuaren lehentasuna enplegua sortzea dela adierazi du Garciak, "nahiz eta udalek ez duten horretarako baliabiderik ez eskuduntzarik". Gainontzeko alderdiei dei egin die denen artean "kudeaketa eredu parte hartzaileago eta gardenagoa" lortzeko, "gizarteak politikariei eskatzen dieten bezala". Haren aldetik, kargua "zintzotasunez, gardentasunez, apaltasunez eta amaierarik gabeko ilusioz" hartzen duela adierazi du Garciak.
Alderdi sozialistako goi kargudunak izan dira Garciaren izendapenean; besteak beste, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusia eta Jose Antonio Pastor sozialista bizkaitarren idazkari nagusia.