Lafuenteren taldeko kide izan da Karlosena orain arteko errektorea karguan izan den denboran. San Martin Unxen (Nafarroa) jaio zen, 1962. urtean. Fisika ikasketak Zaragozako Unibertsitatean egin zituen. Han bilakatu zen Doktore, eta han hasi zen eskolak ematen. Nafarroako Unibertsitate Publikora 1992. urtean ailegatu zen. 2000. urtean bilakatu zen katedradun, Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen esparruan.
Ia 9.800 pertsonak izan dute gaurko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea. Ikasleak dira haietako gehienak: 8.200 baino gehiago, hain zuzen ere. Ez da haien botoa, ordea, pisu gehien izanen duena, NUPeko errektorea hautatzeko hauteskundeetan botoa neurtua baita. Hauek dira bakoitzari dagozkion ehunekoak: %59 unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreentzat; %11 gainerako irakasle eta ikertzaileentzat; %20 ikasleentzat; eta %10, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat.
Alor guztietan nagusitu zaio Nietori, baita ikasleen artean ere; 1.304 ikaslek eman dute botoa, eta 647k egin dute Karlosenaren alde; 622k, berriz, Nietoren alde.