Euskal presoak

Algecirasko eta Bapaumeko espetxe urrunetara sakabanaketaren salaketa eta elkartasuna helarazi dituzte

Algecirasko espetxea, Espainia hegoaldean, eta Bapaumekoa, Frantzia iparraldean, dira Euskal Herritik urrunen dauden bi espetxeak. Horregatik, bi kartzela horiek aukeratu dituzte euskal preso politikoen sostengu taldeek Espainiaren zein Frantziaren sakabanaketa politika salatzeko eta presoei elkartasuna adierazteko. Atzo arratsean ehunka lagun abiatu ziren Euskal Herritik bi espetxe horietara, eta gaur goizean egin dituzte ekitaldiak presondegien atarietan.

2004ko apirilaren 24a
18:43
Entzun
Goizeko hamarrak ondoren heldu dira Bapaumeko kartzelara (Frantzia iparraldean, Belgikarekin mugan) ehunka gipuzkoar, lapurtar eta nafar. Bizkaitarren eta arabarren jomuga, berriz,Algecirasko (Espainiako hegoaldea)kartzela zen. Algeciraskoak ordubeteko atzerapenez heldu dira, Gasteiztik abiatutako autobusa Guardia Zibilak gerarazi baitu, eta barruan zihozen guztiak identifikatu arte ez baitute berriro bideari ekiterik izan.

Duela 20 urte ekin zioten presoen aldeko sostengu taldeek espetxeetara elkartasun martxak egiteari. Orduan, Herrera de la Mancha izaten zuten jomuga, han biltzen baitzituzten euskal preso politikoak. Ordutik, ordea, arras aldatu da egoera: Espainiako zein Frantziako gobernuen sakabanaketa politikaren ondorioz, kartzela ugaritan banatuta daude presoak. Guztira 700 bat preso daude egun, eta horietatik 7 baino ez daude Euskal Herriko espetxeetan.

Funtsean, sakabanaketa politika salatu nahi izan dute Algecirasera zein Bapaumera egindako martxen bidez, eta, halaber, presoei elkartasuna helarazi. Horrez gain, euskal presoak eragile politikoak direla aldarrikatu dute, eta, ondorioz, Euskal Herriko gatazkari buruzko eztabaidetan parte hartzeko eskubidea dutela.

Jon Enparantza abokatuak Euskadi Irratiari adierazi dionez, azken urteetan sakabanaketaren aurkako hainbat jarrera eta adierazpen plazaratu dira, baina egoerak bere horretan jarraitzen du. "Urteak joan eta urteak etorri, sakabanaketaren kontrako jarrerak eta hitzak, baita akordioak ere, egin dira, baina egoerak bere horretan segitzen du; okerrago ere bai. Izan ere, sakabanaketa gero eta handiagoa da, gero eta kartzela gehiago daude, gero eta urrunago bidaltzen dituzte, eta bizi baldintzek ere okerrera egin dute, Madrilgo atentatuen ondoren gertatu den bezala", salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.