Arrazakeria

Algortako festetan gertatu diren "eraso arrazistak" gaitzetsi ditu udalak

Gutxienez bost magrebtarri eraso egin zieten, festetan. Bi eraso egin zizkieten igande goizaldean.

mikel p ansa
2014ko abuztuaren 5a
11:40
Entzun

Getxoko Udalak baieztatu ditu gertaerak: igande goizaldean, Algortako festetan, bost magrebtarri eraso egin zieten gutxienez —El Correo egunkariaren arabera, zazpi izan dira erasoetan zauritu dituztenak—. Era horretako "eraso arrazistak" ez dituela onartuko esan du Imanol Landa Getxoko alkateak.

Bi erasoak denbora tarte laburrean gertatu ziren: igande goizaldeko 04:50ean lehena, eta 05:30ean bigarrena. Txosnen inguruan hasi ziren istiluak, metroko geltokitik gertu. Bi magrebtar gazteri botilak jaurti zizkieten han inguruan zebiltzan pertsona batzuek. Udaltzainek lagundu zieten bi gazteei handik ateratzen. Anbulantzia batean hartatu zituzten, buruan kolpeak zituztelako.

Hedabide batzuen arabera, lapurrak zirela aurpegiratzen hasi zitzaien gizon bat, eta horregatik hasi zen haien aurkako oldarra.

Handik hamar minutura, beste liskar bat sortu zen bi pertsonaren artean; magrebtarra zen haietako bat ere. Baina eraso larriena 05:30ean gertatu zen. Frantziako nortasun agiria zuten hiru magrebtar gazteren aurka oldartu ziren txosnetan zebilen jende talde bat. Jo egin zieten.

Udaltzainek esku hartu zuten. Poliziek identifikatu egin zituzten haietako bi, eta Gurutzetako erietxera eraman zituzten. Kolpeak zituzten gorputz osoan. Hirugarrenak babesleku bat topatzea lortu zuen.

Erasoak jasan zituzten bost pertsona horiek ez dute salaketarik jarri, eta udaltzainek ez dute inor atxilotu. Zauri larririk ere ez zutenez Poliziak ezin duela ofizioz aritu esan diote udaltzainek berri agentziei.

Igande goizalde horretan bertan sexu eraso bat egin ziotela ere salatu zuen emakume batek, bestalde —19:30ean egingo dute elkarretaratzea, eraso hori salatzeko—. Eraso guztiak gaitzetsi ditu Imanol Landa alkateak, "dela sexuagatik, arrazagatik, jatorriagatik edo dena delakoagatik".

Asteburuan gertatu diren horiek, zehazki, "eraso arrazistak" izan direla esan du Landak. "Talde etniko jakinak estigmatizatzen dituzten aurreiritziei eta estereotipo negatiboei aurre egin behar zaie", nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.