Torrene eta Telletxe kaleen arteko puntu lilan hainbat lagun bildu dira arratsaldean, festetan izandako sexu eraso bat salatzeko. Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean egin dute elkarretaratzea. Getxoko Udalak, Algortako Jai Batzordeak eta Berdintasun Kontseiluak deitu dute protestara.
Igandean jaso zuen salaketa Ertzaintzak. Erasoa goizaldean gertatu zen, Algortan (Getxo, Bizkaia). BERRIAri jakinarazi dionez, erasoa ikertzen ari dira, baina oraingoz ez dute datu gehiago eman nahi izan. Ez dute inor atxilotu.
Algortako jaiak ospatu dituzte asteburuan. Getxoko Udalak kaleratutako oharrean dio berdintasunean eta errespetuan oinarritutako gizarte baten alde lan egingo duela, "non emakumeak askatasunez kalera atera, paseatu eta bizi daitezkeen".
Bereziki, jaietan emakumeek harreman sexualak norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten erabaki ahal izateko nahia agertu du Udalak. "Eta haien borondatea erabat errespetatua izan dadin".