GIZARTEA

Aliantza berriak egiteko guneak eraikiko dituzte Alternatiben Herrian

Urriaren 24an Bilbon egingo duten ekitaldia aurkeztu dute. Bost gune izango dira, sistema eraldatzeko proposamenen erakusleiho eta topagune.

Hilaren 24an Bilbora joateko deia egin dute sindikatuek. ARGAZKI PRESS
Pello Z. Artabe
2015eko urriaren 13a
08:43
Entzun

Alternatiben Herriaren nondik norakoak aurkeztu dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek. Egitasmoak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren prozesuan dauka jatorria, 2009an krisiari erantzuteko sortua.

Datorren urriaren 24an beste urrats bat egingo dute, eta sistema eraldatzeko lan egiten duten alternatibek hitzordua izango dute Bilbon. “Alternatibak badaudela aldarrikatzen aritu gara, eta, orain, alternatiba horiek zeintzuk diren plazaratuko dugu, eta horien eztabaida indartu; horretarako, alternatiba horien artean aliantza berriak egiteko guneak eraikiko ditugu”, adierazi du Ainhoa Etxaide LABeko ordezkari nagusiak.

Bost gune edo “herriaren auzoak” definituko dira: Arragoa (hizkuntza, hezkuntza eta kultura), Gure Gaia (natura), AuzoEKOnomia (ekonomia sozial eta eraldatzailea), Demokrazia, parte hartzea eta burujabetza (herrien eskubideak eta parte hartze demokratikoa), eta Bizitza Duinak eta Anitzak (gorputz eta bizi eredu ez-normatiboak).

145 eragile sozial eta sindikal aritu dira Alternatiben Herria antolatzeko bileretan, baita ehunka herritar ere. Eta finantzaketa kolektibo bidez 13.049 euroko laguntza jaso du. Etxaideren hitzetan, hiru funtsezko ezaugarri izango ditu: “desobedientzia ariketa bat, burujabetza ariketa bat eta agenda sozial berri bat eraikitzeko mobilizazioa”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.