Eraso arrazista

Aljeriar jatorriko tolosar batek salatu du eraso arrazistak jasan dituela treneko segurtasun zaintzaileen aldetik

Khelifa Tadjinek Tolosaldeko Ataria-n kontatu du maiatzaren 3an zer gertatu zen: "Ukabilkadak, zaplaztekoak, gorputzeko atal batzuetan kolpeak, eta labana txiki batekin ere mehatxatu ninduten". Lekukoei laguntza eskatu die. Auzitegiaren ebazpenaren zain dago Renfe.

Khelifa Tadjine epaitegian aurkeztutako salaketak eskuan dituela. ASIER IMAZ-TOLOSALDEKO ATARIA
2015eko maiatzaren 13a
08:55
Entzun

Khelifa Tadjinek Tolosako epaitegian eta udaltzaingoan salaketa bana jarri du Renfeko bi segurtasun zaintzaileren aurka. Eraso arrazista egitea egotzi die. Tolosaldeko Ataria-n eman du maiatzaren 3an gertatutakoaren berri: «Igandea zen, 12:00ak, eta Martutenen trena hartu nuen, Tolosara etortzeko. Eseri orduko zuzenean niregana etorri ziren, beste bagoitik. Bi ziren. Segurtasun zaintzaileak. Ni atearen ondoan nengoen, bizikleta alboan nuela. Etorri eta inongo edukaziorik gabe zuzendu ziren niregana: ‘Zu! Biletea!’ esanez». Txartela atera eta besoa jasoz bidaiari guztiei erakutsi ziela dio Tadjinek, segurtasun zaintzaileei zera esanez: «Hemen nire txartela. Baina ez dizuet emango. Hori ez da zuen lana. Eta nire txartela nahi baldin baduzue, niri bezalaxe, denei eskatu beharko diezue». Tadjinek dioenez, hurrengo geltokian jaisteko agindu zioten zaintzaileek.

Hurrengo geltokia Hernanikoa zela dio Khelifa Tadjinek, eta han jaitsi zela: «Trenetik jaisten hasi nintzenean, atzetik bultzada sentitu nuen. Bizikleta eta guzti erori nintzen lurrera. Hain zuzen ere bizikletaren gainera. Segurtasun zaintzaileak ere jaitsi egin ziren, eta trena joan zenean, arrastaka eraman ninduten geltokiko aterpera».

Altxatzeko esaten omen zioten, baina berak ezetz, zorabiatuta zegoela. «Arkupean zutitu eta lepotik heldu zidaten, estutuz; Sadamen soka besterik ez zitzaien falta. Ukabilkadak, zaplaztekoak, gorputzeko atal desberdinetan kolpeak, eta laban txiki batekin ere mehatxatu ninduten. Etengabe iraintzen ninduten. 'Islamista hiltzailea', errepikatzen zuten behin eta berriz. Musulmana nintzela erantzuten nien, ez islamista. Eurek denetik esaten zidaten: kaka nintzela; hil egingo nindutela… orduan atera zuten labana». Ertzaintza minutu batzuk barru azaldu zen. «Hernaniko medikuarengana joateko esan zidan ertzainetako batek, eta, ondoren, salaketa jarri nahi baldin banuen zer egin behar nuen azaldu zidan». Geltokitik segurtasun zaintzaileek kanporatu zutela dio tolosarrak, Ertzaintzaren begiradapean.

Ondoezik zegoenez, Hernaniko osasun zentrora joan zen jarraian, larrialdi zerbitzuetara. Mediku txostenarekin, Donostiako epaitegira joan zen salaketa jartzera, baina, itxita zegoenez, hurrengo egunean, astelehenean, Tolosakoan jarri zuen.

Asteartean —maiatzaren 5ean— beste salaketa bat jartzeko beharra ikusi zuen Khelifa Tadjinek. Tolosaldeko Ataria-n kontatzen duenez, Tolosako taberna batean zegoela, aurreko eguneko segurtasun zaindariak ikusi zituen bertara sartzen. Tabernatik atera zenean, segurtasun zaindariak atzetik zituela dio. «Kanpoan, txoko batera eraman nahi ninduten, nirekin hitz egin nahi zutela esanez. Nik ea jo egin nahi zidaten galdetu nien. Nik justiziarekin joko nituela esan nien, eta udaltzaingoarengana nirekin etortzeko eskatu nien». Orduan jarri zuen bigarren salaketa Khelifa Tadjinek, Tolosako udaltzaingoan.

Salaketaren berri badutela azaldu diote Renfeko iturriek BERRIAri. Oraingoz, zain daude, auzitegiak zer ebatziko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.