EAk eta EAE-ANVk 2007ko ekainean hitzartu zuten bezala, alkate aldaketa gertatuko da Busturian (Bizkaia): Rodolfo Lartitegik (EA) gaur uko egin dio karguari -ordutik izan da hura alkate-, eta Andoni Elorrieta (ezker abertzalea) izango da alkate berria. 2007ko ekainetik Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen batzordeetako burua izan da Elorrieta. Hamar eguneko epea daukate hura auzapez izendatzeko udalbatzarra egiteko.
EAJ izan zen duela bi urteko hauteskundeetan alderdirik bozkatuena Busturian, baina EAk (bi zinegotzi) eta ANVk (hiru) akordioa lortu eta udal gobernua osatu zuten. Eutsi egingo diote horri, ETAk joan den abenduaren 3an Azpeitian (Gipuzkoa) Inazio Uria enpresaburua hil zuenetik presio handiak izan badituzte ere.
Gaurko udalbatzarrean utzi du postua Lartitegik, eta zinegotzi lanetan segituko duela jakinarazi du.
Hain justu, Azpeitian larunbat honetan eztabaidatuko dute Iñaki Errazkin (ezker abertzalea) alkatearen aurkako zentsura mozioa. EAJk eta EAk aurkeztu zuten hilaren 5ean mozioa. 2007ko ekainetik ETAk Uria hil arte ezker abertzaleak (sei udal ordezkari), EAk (bi) eta Aralarrek (bat) osatu zuten udal gobernua -azken biok utzi egin zuten atentatu haren ondotik-. EAJ izan zen bozetan bozkatuena: zortzi zinegotzi. 12:00etan hasiko da larunbateko udalbatzarra.
politika
Alkate aldaketa izango da Busturian, duela bi urte hitzartu bezala
Rodolfo Lartitegik (EA) gaur utzi du kargua, eta datorren astean hartuko du alkatetza Andoni Elorrietak (ezker abertzalea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu