Arratsaldeko bost eta erdiak pasatxo zirela abiatu da Arrasateko (Gipuzkoa) plazatik Ino Galparsoro alkatea (EAE-ANV) espetxean sartu dutela salatzeko eta aske utz dezatela eskatzeko manifestazioa. Milaka lagun ibili dira Arrasateko kaleetan Salbuespen egoerari stop. Euskal Herriak autodeterminazioa jartzen zuen pankartaren atzetik. Besteak beste, EAE-ANVko hautetsi eta buruzagiek eraman dute pankarta, urte askoan Arrasateko alkate izandako Xabier Zubizarretarekin batera. "ANV aurrera", "Ino askatu" eta "PNV español" izan dira lelorik oihukatuenak. Ezker abertzaleko hainbat buruzagi historiko ere, Jose Luis Elkoro eta Itziar Aizpurua, kasu, manifestazioan izan dira.
Guardia Zibilak kontrol handiak jarri ditu Arrasateko sarreretan, eta, ondorioz, hainbat jende atzerapenez iritsi da. Horren adierazgarri, manifestazioa hasita zegoela kontrol batean geratuta eduki duten autobus bat parean geratu zaio, eta jendea zuzenean sartu da autobusetik manifestaziora. Gainerakoan, ez da beste arazorik sortu.
Amaiera ekitaldian Xabier Zubizarretak eta Arantza Urkaregi ezker abertzaleko buruzagiak hartu dute hitza. Denbora asko ez dela halako zerbait gertatzea "pentsaezina" zela agertu du Zubizarretak, eta espetxean daukaten arren, Galparsorok Arrasateko alkate izaten jarraitzen duela nabarmendu du. Ildo horretatik, Arrasateko herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko ahalegina egingo dutela erantsi du.
Urkaregik, berriz, PSOEri eta EAJri egotzi die Arrasateko alkatea kartzelatzearen ardura, iragan osteguneko agerraldian ezker abertzaleko beste ordezkari batzuk egin zuten bezala. Eusko Gudariak eta Internazionala kantatuz amaitu dute ekitaldia.
Manifestazioan zehar arazorik izan ez bada ere, amaitzean ertzain ugari hurbildu da plazara, istiluen kontrako tresnekin.
Ino Galparsoro Arrasateko alkatea asteazkenean, hilaren 30ean, deklaratzera deitu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, ANVren jarduera etetea urratzea egotzita. Auzi saioan baldintza gabeko espetxeratzea eskatu zuen fiskalak, Galparsorori ETAri laguntza ematea leporatuta. Eskaera hori aintzat hartu eta Arrasateko alkatea kartzelatzea erabaki zuen Garzonek.
Politika
Alkatea espetxeratzearen kontra manifestazio jendetsua Arrasaten
Milaka lagunek parte hartu dute =iSalbuespen egoerari stop. Euskal Herriak autodeterminazioa=i leloarekin ezker abertzaleak antolatutako ekitaldian. Guardia Zibilak kontrol handiak jarri ditu Arrasateko sarreretan, baina ez da beste arazorik izan. Espetxean daukaten arren Ino Galparsorok Arrasateko alkate izaten jarraitzen duela azpimarratu du Xabier Zubizarreta alkate ohiak. Kartzelatzearen ardura PSOErena eta EAJrena dela berretsi du Urkaregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu