Gorka Menendez. Galdakaoko Gazte Asanbladakoa

«Alkatea ezagututa, uste dut guk esandakoa entzun gabe aterako dela bilkuratik»

Galdakaon, gaztetxea okupatu orduko, itxi egin zuten udaltzainek. Gaia gaur udalbatzarrera eramango dute; bilera konponbiderako ate izatea nahi luke Gorka Menendezek, gose greban baita protesta moduan.

Ibai Maruri Bilbao.
Galdakao
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Atzokoarekin zortzi egun bete ditu Gorka Menendezek gose greban, udalak Galdakaoko gaztetxe berritik kaleratu dituela salatzeko. Beste lagun batekin hasi zuen, baina hark utzi egin behar izan zuen iragan ostegunean, «hainbat arazo pilatu zitzaizkiolako». Umorez eta kementsu egin du elkarrizketa udaletxe aurreko plazan, «aurrera jarraitzeko prest».

Zer moduz daramazu? Zelan zaude?

Burua ondo; gorputza makal, ahul. Eta animoz ere ondo, batez ere inguruan jendea dagoela ikusten dudalako. Bakarrik egongo banintz, pentsatuko nuke: «Aizu, leloarena egiten ari naiz». Baina hona egunero dator jendea, orain ere bospasei lagun daude. Asteburuan ere manifestazioa egin genuen, kazerolada... Horrek indarra ematen dizu. Biharko [gaurko] udaleko osoko bilkura dut orain gogoan. Egunik egun egin behar duzu, ekintzak edo jomugak jarriz eta horietara arte jarraitzen ahaleginduz. Bestela oso zaila da jasatea.

Zein da gose greba honen helburua?

Hasi ginenean bi helburu nagusi zeuden. Aurrenekoa, gaztetxea lortzea. Baina bigarrenari nik aparteko garrantzia ematen diot: Galdakaoko gazteria aktibatzea eta piztea. Galdakaoko Gazte Asanblada herrian erreferente bihurtu behar dugu gazteentzat. Taldea sendotu behar da, eta herriari gazteok dugun arazoa ikusarazi. Guk guretzat kudeatzeko leku bat behar dugu. Helburu orokor bat da, kontzientzia astindu nahi dugu. Eta nik uste bi helburuak lortzeko moduan gaudela. Gazte asanblada aspalditik dabil lanean gazteria astintzeko asmoz, eta gaztetxearena, ba, aizu, oraindik partida ez da bukatu. Nik badut itxaropenik.

Zelan jaio zen gaztetxea, eta zelan gertatu zen kaleratzea?

Martxoaren 16an okupatu zuten gazte batzuek, eta ostiralean eman zen ezagutzera. Garbiketa lanak egin ziren; lehen egunean, herri bazkariarekin ospatu genuen. Ez genuen besterako astirik izan. Bigarren gauean, 03:00etan, udaltzainak agertu ziren. Orain jakin dugu kaleratzea oso lasaia izan zela... Galdetu iezaiezu barruan zeudenei, ea zenbateko sustoa hartu zuten. Atea bota zuten, hormaren kontra jarri zituzten, oihuka hasi ziren... Ertzainak kanpoan geratu ziren, eta hori deigarria da. Ez zaizu iruditzen? Zergatik ez ziren sartu? Udalaren jabegoa da eraikina, eta diote horregatik ez zirela sartu. Baina... Guk uste dugu kaleratzea oso argi ez zegoelako ez zirela sartu. Abokatua ere berehala etorri zen, eta ertzainek esan zieten udaltzainen kontua zela eta haiei galdetzeko.

Oraindik ez duzue lortu alkatearekin hitz egitea.

Argi ikusten dugu bere burugogorkeriaren ondorio dela. Hainbat kartel jarri ziren, mezuekin, eta ez zitzaizkion gustatu. Iraindu egin genuela dio. Alkatea kazikea dela jartzen zen, eta «Escribano, lotu zure txakurrak». Nik ulertzen dut halako haserre momentu batean ernegatuta halakoak esatea. Kazike baten pare portatu zen eta! «Hauek bihar bertan hortik kanpora aterako ditut, bai ala bai», esan omen zuen.

Zer hitz egin nahi duzue udalarekin?

Haien jarrera zein den jakin eta gurea zein den azaldu. Badakigu eraikina udalarena dela, eta haiekin ados jarri nahi dugu. Batez ere baldintza teknikoak adostu behar dira, zer konpondu behar den, nork egingo duen, ordutegiak ezarri, erantzukizun zibila... Horiek eztabaidatzeko prest gaude. Baina ez dugu lortu inorekin hitz egitea. Hor ikusten dituzu udaltzainak atarian. Hor daude azken zortzi egunotan, egunero.

Udalak zertarako erabiltzen du edo erabili nahi du eraikina?

Ezertarako ere ez. Lehen taberna zen, eta hainbat urtetan bertan behera utzita egon da. Ez dago erabilerarik emateko asmorik. Auzoko bizilagunek ere esan digute bazela garaia zerbait egiteko, dena arratoiz beteta zegoela eta. Lagun arkitektoak ditugu, eta esan digute eraikina ez dagoela udalak dioen bezain txarto. Konponketa batzuekin nahikoa dela.

Zer espero duzue bilkurarako?

Esaten utzi ez digutena azaltzea da gure asmoa, baina alkatea ezagututa espero dugu sartu den bezala aterako dela: guk esandakoa entzun gabe.

Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?

Bihar erabakiko dugu. Ikusiko bagenu udalarekin ez dugula zer eginik, bertan behera utziko genuke gose greba. Edonola ere, gu denon artean hartu beharreko erabakia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.