Urte amaierako batzar nagusia egin dute gaur Uemako 86 udalerriek Usurbilen, eta Alkizak egindako eskaera onartu dute. Horrela, Uemako 87. udalerria bihurtu da Tolosaldeko herria. 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute orain 87 udalerrien artean.
Horrez gain, 2019an egindakoaren balantzea eta 2020rako egitasmo garrantzitsuenak ere onartu dituzte batzarkideek. Azken urtean arnasguneen garrantzia jendarteratzeko eman diren urratsak, EAEko Udal Legea garatzeko dekretuak udalei hizkuntza politika ausartagoa egiteko eman dien babesa, eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak hartu duen pisua nabarmendu dituzte.