Etxe kaleratzeak

Alokabideko errentak familien sarreren %30 ez gainditzeko eskatu du Legebiltzarrak

Alokabideren araudiei buruzko EH Bilduren eta PSE-EEren erdibideko zuzenketa bat ez da aurrera atera. Antzeko eskaerak dituen UPDren osoko zuzenketaren zortzi puntuetatik sei onartu dira. Etxe kaleratzeen aurkako plataformek elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. Urtzi Urkizu kazetariak zuzeneko jarraipena egin du.

urtzi urkizu
2014ko apirilaren 7a
07:46
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bati UPDk egindako osoko zuzenketaren sei puntu onartu dituzte. Zuzenketa horrek jasotzen duenez, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio Alokabiderekin lotutako araudiak egokitzeko, metro karratuaren prezioa  "benetan" egokitu dakion merkatuko prezioan izandako jaitsierari. Errentak familien sarreren %30etik gorakoak ez izatea (zergak eta komunitate gastuak barne) bermatzeko eskatu du UPDren testuak. Bide batez, errenta urtero berrikusteko eskatu du legebiltzarrak, bizikidetza-unitateak eskuratutako sarreren arabera; diru sarrerak "nabarmen" aldatzen direnean, alokairu errentaren egokitzapena ahalik eta lasterren egingo litzateke, eta egoera aldatzen den unetik aplikatu.

Alokabideko maizterrek etxebizitza-laguntza osagarria eskuratzeko araudia aldatzeko ere eskatzen du testuak. Etxejabeek ondasun higiezinen gainezko zerga bere gain hartzeko eskatu du legebiltzarrak —Jaurlaritzak neurri hori hartua zuen duela gutxi—. Amaitzeko, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio araudiak egokitzeko, maizterrei komunitate-gastuen kudeaketan zuzenean parte hartzeko aukera emanez, "gisa horretara alferrikako kontsumo eta gastuak murriztuz".

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak UPDri leporatu dio proposamena "literalki" kopiatu izana.

Etxe kaleratzeen aurkako plataformek deituta, 200 pertsona inguruk elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren kanpoan. Esther Sancho Arabako Etxe Kaleratzerik Ez plataformako kideak esan du "garrantzitsua" dela onartutakoa. "Orain ikusi behar da Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak zer egiten duen. Alokabide gardena izatea nahi dugu". Alokabidekoak etxebizitza sozialak direla gogorarazi du Sanchok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.