Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasungintza publikoari herritarren partetik egiten zaizkion eskaerak gero eta ugariagoak dira, etenik gabe ari dira gora; aurten, hazkundea %2-%3,5 artekoa izango dela azaldu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek. Egoera horretan, itxaron zerrendak «egonkortzea» da Osakidetzaren asmoa, eta, horretarako, ekintza plan bat aurkeztu du. Besteak beste, itunpeko erietxeetan dituzten alokairuko ebakuntza gelak ugaritzea da plan horren asmoetako bat. Neurri sorta proposatzen du beste hainbat alorretan ere. Arratsaldetako lanaldiak ugarituko ditu, azpiegitura berriak eraikiko ditu, klinika pribatuekin dituen akordioei eutsiko die, mediku egoiliarrak lan sisteman usuago sarrarazten ahaleginduko da, teknologia berrien bidez eskainitako zerbitzuaren eraginkortasuna handitzen saiatuko da, lan antolaketa berriak sustatuko ditu... Era berean, bulego bat sortuko du Osakidetzak beren beregi itxaron zerrenden kudeaketaz arduratzeko.
Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen atzo itxaron zerrendei buruzko ekintza plana Osakidetzako zuzendari Julian Perez Gilek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoa alboan zuela. Propio itxaron zerrenden auzia ikertzeko legebiltzarrean eratutako batzordean eman zituzten azalpenak. Herritarren partetik eskaera goraka etenik gabe ari dela eta, xedea itxaronaldiak lehengo urteko mailan lagatzea da.Ebakuntzetarako, itxaroteko batez besteko gehiengo epea 55 egunean jarri nahi dute; kanpoko kontsultetarako 30 egunean ezarri dute jomuga, eta endoskopiak, erresonantziak eta bestelako proba osagarriak egitekoa ere beste horrenbeste egunean.
Hori guztia murrizketa sasoi bete-betean egin nahi dute Osakidetako arduradunek. «Sistemaren iraunkortasuna bermatu behar dugu», gogora ekarri du Perez Gilek. Buruzagien jarrera beharginen artean ondoeza eragiten ari dela agerikoa da, hala ere. Sindikatuen partetik ugariak dira azkenaldian zerbitzuaren mugak eta gabeziak agerian uzteko agerraldiak eta protestak. Besteak beste, hilaren 22an mobilizazioak hasiko dituzte ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta, hiru egunerako.
Nolanahi ere, aurkeztu duten planak aurrera ondo egin dezakeela nabarmendu du Iñaki Arriolak, eta etorkizun hobea segurtatuko duela. «Bidezkotasun teknikoa du, eta Europan ezartzen ari diren planekin alderagarria da». Mezu baikorra zabaldu nahi izan du sailburuak: «Badakigu datorren urtean diru gutxiagorekin gauza gehiago egin beharko ditugula; planak hobetzen lagunduko digu, eta onenak izaten».
Mila ebakuntza gehiago
Itunpeko erietxeetan alokairuan dituzten ebakuntza gelak ugarituta urtean mila operazio gehiago egitea lortuko duten esperantza dute Osakidetzako buruek. Bi ebakuntza gela gehiago hartu nahi dituzte Araban; beste bi Bizkaian. Ezarritako helburuetara heltzeko arazorik bada unean uneko aldaketak ere egin daitezkeela jakinarazi dute. Osakidetzako osasun zentroetan ere ebakuntza gela berriak jarriko dituzte; bi Gernikan (Bizkaia) eta bi Arrasaten (Gipuzkoa). Egun erabilgarri dauden ebakuntza geletan ere operazio kopurua handitu egin nahi dute, %1. Test osagarrietan itxaron epeak kontrolatzeko azpiegitura berriak jarriko dituzte Donostia Ospitalean eta Galdakao eta Basurtuko erietxetan. Donostian hemodinamikarako gune berria jarriko dute, eta testak egiteko gailu berriak jarriko dituzte beste ospitaleetan ere.
Alokairuko ebakuntza gelak ugarituko ditu Osakidetzak, itxaronaldiak ez luzatzeko
Erien eskariak etengabe gora doazela eta, ekintza plan bat aurkeztu dute; helburua sistemaren «iraunkortasuna» da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu