Gizarteko arlo ezberdinetan —kultura, kazetaritza, unibertsitatea…— diharduten 70 lagunek Donostiako metroaren proiektua geldiarazteko eskatzen duen manifestua izenpetu dute. Donostiako udaletxearen atarian egindako agerraldian aurkeztu dute manifestua, eta, bertan, Donostian metroaren igarobidearen proiektua geldiaraz dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Halaber, galdegin diote ireki dezala "informazio eta parte-hartze prozesu garden eta oso bat, herritarrek eztabaidan eta erabakietan parte hartzeko aukera izan dezaten". Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, datorren larunbatean Donostian manifestazioa egingo dute, Donostian Metroa Gelditu, herriari galdetu lelopean. 12:00etan abiatuko da martxa, Easo plazatik.
Mariano Ferrer kazetaria, Unai Fernandez de Betoño eta Iñaki Antiguedad Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, Carlos Taibo Politika Zientzietako irakaslea, Jose Luis Zumeta margolaria, Koldo Almandoz zinemagilea, Begoña del Teso zinema kritikaria, Ixiar Rozas, Koldo Izagirre eta Pako Sudupe idazleak eta Miguel Castells abokatua daude sinatzaileen artean.
Manifestua:
"Donostian METROAren proiektuari STOP (beranduegi izan baino lehen)
Eusko Jaurlaritzak iaztik Donostian Metroa eraikitzeko proiektua zein modu ilunean eta arrapaladakoan berriro daraman ikusita, behean sinatzen dugunok zera adierazi nahi dugu:
Ulertzen eta partekatzen ditugu bizilagunek dituzten kezkak Metroa egiteko lanek hirian eragingo lituzketen ondorio kaltegarriak direla medio.
Ulertzen ditugu egitasmo honen aurka dauden herritarrak, proiektuaren kostua milioi askokoa izango delako, eta baliagarritasuna, berriz, zalantzazkoa.
Ulertzen ditugu ingurumen sailburu den Ana Oregiren hitzak, 2013an egitasmo hau 'faraonikotzat' jo zuenean. Esan zuenez, 'gobernuak ezin du indarrez nahi duena inposatu. Udalarekin, Diputazioarekin eta hiritarrekin mahai batean eseri beharko dugu, denon artean Donostiarako garraiobiderik egokiena zein den pentsatzeko'.
Aldiz,
Ez dugu ulertzen zergatik gaur egun agintari politikoek informazioa zabaltzeari eta hiritarrekin eztabaidatzeari uko egiten dioten.
Ez dugu ulertzen zergatik ari diren presaka, eta zergatik uko egiten dioten irtenbide merkeagoak eta osasunerako hobeak bilatzeari.
Ez dugu jasan nahi erremediorik ez duen egoerarik, beranduegi delako.
Horregatik,
Eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari geldiaraz dezala Donostian Metroko igarobidearen proiektua, eta ireki dezala informazio eta parte-hartze prozesua, eta hau publikoa, gardena eta osoa izan dadila.
Eskatzen diegu halaber politikari eta inplikatutako erakundeei ireki ditzatela bideak herritarrek parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera izan dezaten.
Eskatzen diogu, azkenik, partaidetza eta gardentasuna, herritarrontzat konponbiderik onena bila dadin.
Euskal gobernua bera da Demokraziaren eta Partaidetzaren Liburu Zurian honako hau dioena: herritarren partaidetza osagai nagusietako bat da gobernamendu berri honetarako".