Duñike Agirrezabalaga Alternatibako Donostiako zinegotziak adierazi du 2011ko udal eta foru hauteskundeetan "ezkerreko" indar politikoekin batera aurkeztu nahi dutela. "Hori da gure helburua, ezkerreko indarrak batzea. Horretarako sortu zen gure alderdia", esan du gaur Euskadi Irratian. Maiatzean izango dira hurrengo urteko bozak.
Urtebete pasa da Ezker Batutik atera zirela Agirrezabalaga eta beste kide batzuk, Alternatiba sortzeko. Azkenaldian ezker abertzalearekin, EArekin eta Aralarrekin ekimen bateratuak egin dituzte. Kasu, euskal gehiengo sindikalak ekainaren 29rako deitutako greba orokorraren alde agertu zen Alternatiba hiru eragile politiko haiekin, eta lehengo larunbatean ezker abertzalearekin eta EArekin batera antolatu zuen autodeterminazioaren aldeko manifestazioa. Gizarte gaietan ere azaldu dira elkarrekin. Donostiako Udalean Aralarrekin elkarlanean ari dira, eta "oso ondo", Agirrezabalagak esan duenez.
Oraingoz, Aralarrek esan du EAEn bere hautagaitzak prestatzen ari dela, EAk gauza bera adierazi du. Nafarroan Aralarrek eta EAk hauteskunde akordioa egin dute. Ezker abertzaleak iragarri du bozetan izango dela, nola parte hartuko duen zehaztu ez duen arren. Alternatiba, berriz, "herriz herri ari da lanean", alderdia zabaldu nahian, Donostiako hautetsiaren arabera.
Alternatibako kideak esan du bere alderdiak Euskal Herriaren "independentziari buruzko jarrera zabala" duela, batzuk independentista direla, beste batzuk ez, eta orain gakoa herritarrek nahi dutena onartzea dela. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio autodeterminazio eskubidea "definitzen" hastea.
ETAri desagertzeko eskatu dio Alternatibako kideak.
Matute, ildo beretik
Oscar Matute Alternatibako bozeramaileak atzo iragarri zuen bere alderdiak lan egingo duela "euskal ezker subiranista zabala, plurala, demokratikoa eta indartsua" berrosatzeko. Horretarako, ezinbestekotzat jo du ezkertiarren artean konfiantza eskuratzea eta onartzea alde guztientzat erosoa den esparru bat lortu behar dela.
ETAk egiten ahal duen gauzarik hoberena armak uztea dela azpimarratu du Matutek, eta gehiegi luzatzen ari dela urrats hori egiteko. Ezker subiranista indartsu hori lortuz gero, beste alderdiekin lehiatzen ahalko dela uste du, baina soilik ezkerreko ideiekin ongi lotuta baldin bada.
politika
Alternatibak 2011ko bozetan ezkerreko indarrekin batera aurkeztu nahi du
Duñike Agirrezabalaga Donostiako zinegotziak adierazi du ezkerreko eragileak batzea dela euren helburua. Alternatibak "independentziari buruzko jarrera zabala" dauka, eta uste du orain gakoa autodeterminazio eskubidea "definitzen" hastea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu