Alternatibako bozeramaile eta Bilduko kide Oskar Matutek argitu du atzo Joxe Mari Korta zenaren omenaldira Bildutik joan zirenek koalizioko "taldea" ordezkatu zutela, "normaltasun eta zorroztasun osoarekin".
Atzo 11. urteurrena bete zen ETAk Korta Adegiko presidente ohia hil zuenetik, eta omenaldia eskaini zioten Zumaian. Ekitaldian izan ziren senideak, lagunak eta baita ordezkari politikoak ere. Bildutik, kasu, EA eta Alternatibako kideak, baita Zumaiako jarduneko alkatea ere —independentea—.
Matutek horrelako ekitaldiak batzuek "zerrenda pasatzeko" erabili izana salatu du, horrela omenaldiaren helburua bertan behera geratzen delakoan, "arma politiko bihurtuta". "Bildun oso argiak izan gara: indarkeriak lekurik izango ez duen aro politiko berria sortu nahi dugu", esan du Alternatibako bozeramaileak. Aro politiko berri horrek, "indarkeriak sortutako biktima guztiak aitortzea" eskatuko duela zehaztu du.
Rubalcabaren ustez, ez da nahikoa Bildutik EAk eta Alternatibak parte hartzea biktimen ekitaldietan
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko Espainiako presidentegaiak uste du ETAren biktimen ekitaldietan Bildutik EAko eta Alternatibako kideek parte hartzea ez dela nahikoa. Haren arabera, Bildu indarkeriaren arloan "lasaitzen" ari da.
Ezker abertzalearen iritziz, "Rubalcabak kausak eta ondorioak nahasten ditu", eta esan dio "euskal jendarteak agertoki berria eta ezker abertzalearen urratsak aitortu eta babestu" dituela.