poliTIKA

Alternatibak "ezkerreko indar subiranistekin" elkarrizketak hasiko ditu metaketa lortzeko

Gaur egin du I. Nazio Biltzarra, Bilbon, eta han izan dira ezker abertzalea, Aralar, EA edota LAB. 2011ko EAEko foru hauteskundeetarako koalizioa eratu nahi du Alternatibak.

2010eko urriaren 30a
18:20
Entzun
I. Nazio Biltzarrean militanteek zuzendaritzak proposatutakoa onartu ostean, Alternatiba alderdi politikoak "ezkerreko indar subiranistekin" elkarrizketak hasiko ditu "metaketa" lortzeko asmoz. Besteak beste, ezker abertzalea, Aralar eta EA alderdiekin batuko da, baita Hego Euskal Herriko beste eragile sozial, sindikal eta politiko batzuekin ere. "Ezkerrean iraultza" erdiestea du xede, "hitz politak esatea ez delako nahikoa".

Oskar Matute bozeramaileak lehengo asteazkenean aurreratu bezala, 2011ko maiatzeko foru hauteskundeei begira EAEko batzar nagusietarako indar haiekin koalizioa osatzeko lan egingo du Alternatibak. Udal arloan, berriz, "ahal den heinean" bilatuko du metaketa. "Itxaropentsu gaude, Euskal Herrian egonkortzen hasia den aro politiko berriak lagundu dezakeelako bazterrean uzten ikuspegi desberdinak eta eragozpenak", adierazi du Matutek batzarraren ondotik.

Azken batean, ezkerrekoen bat-egitearen ondorioz Hego Euskal Herriko "eskubiaren hegemoniari" aurre egin nahi dio. PP, UPN, EAJ, H1! eta PSE sartu ditu Matutek eskumakoen artean.

2008an eratu zuten Alternatiba, hainbat lagunek Ezker Batua uztean. Bilbon batu dira gaur, Arrupe Etxean. Berretsi egin dituzte demokrazia, subiranotasuna, feminismoa, antikapitalismoa eta ekologismoarekiko atxikimenduak, eta erakundearen estatutuak onartu dituzte.



Alderdiko militanteez gain, han izan dira EA (Pello Urizar), Aralar (Jon Abril, Aintzane Ezenarro), ezker abertzalea (Rufi Etxeberria, Iñaki Olalde), Lokarri (Paul Rios), Gorripidea Zutik, LSB, Euskadiko CCOO, LAB, EILAS eta EHNE.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.