"Benetan izan diren mehatxu bakarrak beren soldaten jaitsiera eta lan eskubideen galera pairatzen hasi diren ehunka langileek jasotakoak dira, enpresaburuek diseinatu eta menpeko politikoek martxan jarritako lan erreforma dela medio". Adierazpen horiekin erantzun dio Alternatibak Adegik alderdi horretako kide eta Gipuzkoako Gizarte Gaietarako diputatu Ander Rodriguezi jarritako salaketaren inguruan. Zaharren egoitza eta eguneko zentroen negoziazioetan ustezko "mehatxuak" egin izanagatik salatu zuen patronalak Rodriguez EAEko Auzitegi Gorenean.
Alternatibaren ustez, "zentzugabekeria" da hori, eta alderdiko kideari "erabateko babesa berretsi" ez ezik, negoziazio horietan patronalak izandako jarreraren balorazioa egin nahi izan du. Alderdiaren ustez, Gipuzkoako Diputazioak erakutsi du diru publikoa kudeatzeko "beste modu bat" badagoela, "gizartearen kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko baliatuta gainera". Hori, baina, Adegirentzat "guztiz berria" izan daitekeela ulertzen du Alternatibak: "Bildu agertu arte, izan dituzten esku-sartze bakarrak adiskidetze keinuak eta beren mozkinen defentsa izan dira, langileen prekarietatearen lepotik etorri badira ere".
Alderdiak adierazi duenez, instituzioen inplikazioa "beharrezkoa" da eskaintzen dituzten zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko, "are gehiago zaintzaren sektoreaz ari garenean, baita lan horiek betetzen dituztenen duintasuna bermatzeko ere". Horregatik, Rodriguezen kudeaketa "zuzena" izan da: "Are gehiago, eredugarria izan beharko litzateke orain arte nagusi izan diren enpresaburu eta politikoen arteko jauntxokeriaz beteriko harreman horiek bukatu ahal izateko".
Ildo horri jarraki, Gipuzkoako aurreko gobernuaren eta Arabako eta Bizkaiko egungo gidarien eredua "ateak itxita eta patronalekin bakarrik" negoziatzea dela salatu du Alternatibak. Patronal eta "menpeko politikarien" harremanen arriskuaz ohartarazi nahi izan du alderdi horrek: "Kontzesio formako mesedeen truke, politika eta enpresen arteko ate birakariak eta alderdietarako dohaintzak ahalbidetzen ditu. Madrilen askotan gertatzen dira, eta Euskal Herrian, ostera, ezkutuan mantentzea nahiago dute".
Alternatiba ez ezik, Gipuzkoako Diputazioa eta ELA sindikatua ere Rodriguezen alde agertu dira.