Egunkaria itxi eta hamar urtera, Alternatibak PPri eskatu dio " barkamena eskatzeko euskararen kontrako inoizko eraso larrienetako bat egin izanagatik". Oskar Matute bozeramaileak uste du zilegi dela azalpenak eskatzea, are gehiago “besteei barkamen eske ia egunero ari zaien alderdia" delako, "haiek eskubide zibilak, politikoak, sozialak eta gizatiarrak ere urratzen dituztenean".
Matutek gogorarazi du aurretik ere izan zirela adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen aurkako "eraso larriak", Egin eta Ardi Beltza argitalpenen itxierarekin, esaterako. Matuteren arabera, horiei Egunkaria-ren aurka egindakoa gehitu zitzaien, eta horrek gizartearen haserrea sortu eta kalera ateratzera eraman zuen.
Nabarmendu du Egunkaria-ko langileek hurrengo egunean Egunero kioskoetara eramatea lortu zutela, eta bere dirua eskaini zuten lagunen laguntzarekin BERRIA martxan jarri zutela: "Nekez ikus daiteke halakorik beste herri eta testuinguru batean".