Iñaki Azkunari munduko alkate onenaren saria emateaz, Alternatibako Bilboko bozeramaile Pablo Fernandezek zera esan du: “Lotsa eta haserrea eragin dezake bilbotar askorengan, barregura ere bai”. Fernandezek azaldu du Azkunak, "beste lorpen askoren artean", merkataritza gune handien mesederako merkatari txikiak "zapaldu" dituela, "jaiegunetan irekitzea ahalbidetu eta etengabeko ordutegiak sustatuta, lan baldintzak pobretuz eta kontziliazioa oztopatuz”.
Fernandezek kritika egin dio Azkunari hainbat eragile sozialekiko izan duen jarreragatik; Bilboko Konpartsak aipatu ditu adibide modura: "Kale Nagusitik inauterietan desfilatzea debekatu zaie, udalak bere desfile pribatua ere egingo ez duela baieztatu arren".
Fernandezek adierazi duenez, Azkunak "neurri gabeko indarkeriaz zapuztu izan ditu Sorgintxulo eta Kukutza bezalako kulturgune autogestionatuak, beren auzoetan errotutakoak, edota sortu eta berehala desegin dituen Patakon eta Uztaldi. Etxegabe edota etorkinen aurka ere indarkeriaz aritzen da, duela gutxi Zorrotzaurren egin duen moduan”.