Planetaren mugak errespetatuz eta klima aldaketa apalduz mundu hobea eraiki daitekeela sinetsita, alternatiben herrixka egingo dute asteburuan Donostiako Antigua auzoan. Ostiralean hasi eta larunbat iluntzera arte, trantsizio sozial, energetiko eta ekologikorantz abiarazteko "garaia" badela aldarrikatuko dute festa giroan. "Beste modu batean bizitzeko ereduak badira", azpimarratu du Donostiako Piraten kide Sheila Padronesek. Gaur egungo "larriadi egoerak" alternatiba bat premiazko duela uste duten alor anitzetako zenbait eragilek osatzen dute egitasmoa.
Proiektuak Baionan du jatorria; 2013an egin zuten aurrenekoz, Bizi! mugimenduaren eskutik, hamabi mila lagun bilduta. Jomuga, berriz, heldu den abenduan klima aldaketari buruz Parisen egingo duten Nazioarteko Konferentzian. Data hori aitzakiatzat hartuta, Europako sei herrialde zeharkatuko dituen 5.000 kilometroko bizikleta martxa bat antolatu dute Bizi! taldeko kideek. Bestelako mundu bat posible dela aldarrikatzeko, Baionatik irtengo da mobilizazioa ostiralean, eta irailaren 26an iritsiko Parisera. Bidean, baina, hamaika geldialdi egingo ditu. Lehenbizikoa, Donostian: alternatiben herrixkan. Aukera probestuz, bizikleta martxa bat egingo dute, 18:00etan, Saguesetik Antiguara.
Baina ez da hitzordu bakarra izango. Bete-betea dator egitaraua. Bizikleta martxari ongietorria egiteko, hainbat ekintza atondu dituzte. Larunbatean, esaterako, egun osoko festa egingo dute. Antiguako Matia kalea ardatz, ekitaldi frankok hartuko dituzte auzoko txoko eta enparantzak: hitzaldiak, erakusketak, artisau azokak, bertako edari eta jakiak, haurrentzako tailerrak, mahai inguruak, dokumentalak, musika emanaldiak eta beste egongo dira bertaratzen direnen gozagarri. Alternatiban "irmo" sinisten duten guztiei Donostiara gerturatzeko deia egin diete. "Txoko guztietan festa giroa izango da nagusi", ziurtatu du Emaus eta Saretuz taldeetako eledun Maider Sagredok. Alternatibez blaitzeko aukerarik ez da faltako, behintzat.
"Beste modu batera bizi nahi dugunon gunea"
Gaur-gaurko egoeraren "larria" bistaratu, eta bestelako gizarte eredu bat eraikitzea posible dela erakutsi nahi dute alternatiben herrixkan; hala azaldu du Padronesek. Horren harira, transizio energetiko eta ekologikorantz "ahalik eta bizkorren" abiatzera deitu dute egitasmoan indarrak metatu dituzten eragileek. "Beste era batera bizi nahi dugunon gunea izan nahi du alternatiben herrixkak", nabarmendu du Donostiako Piraten ordezkariak.
Ez da salbuespena izango, ordea. Donostiako alternatiben herrixkak izango du jarraipenik aurrerantzean ere. Urriaren 24an, larunbatarekin, Euskal Herri mailako alternatiben herria osatuko dute Bilboko karriketan. Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak antolatuko du jaialdia, Bizitza burujabea eskubide osoz lelopean.