Atzotik bertatik, erreakzio ugari eragin ditu Altsasun (Nafarroa) España Ciudadana plataformaren izenean egindako ekitaldiak. Altsasuko alkate Javier Olloren (Geroa Bai) iritziz, "inteligentziaz" erantzun du Altsasuko herriak. "Herriko batzarrak antolatutako ekitaldia oso ondo joan zen", esan du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Dena den, "tentsio uneak" eta "irainak" egon zirela onartu du, eta horiek ez dutela "laguntzen". Hausnarketa eskatu du horren inguruan: "Ezin diegu nahi duten irudia eman".
Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak azaldu du "manifestatzeko eskubidea mundu guztiak" duela, baina "krispazioa eta liskarrak" saihesteko moduak eskatu dizkie antolatzaileei. "Krispazioa eta liskarrak" sortzeko aukera saihesteko eskatu die atzo Altsasun izan zirenei: "Kontu izan behar da, testuingurua aintzat hartuta, nola defendazen ditugun gure sinesmenak, pentsamenduak eta ideologia".
Gaineratu duenez, trafikoari lotutako akordioak ez du ekarriko Nafarroako guardia zibil kopurua jaistea: "Guardia Zibilak Konstituzioan ezarritako betebeharrekin jarraituko du, Foru Poliziarekin kolaboratzen".
Bide beretik aritu da Espainiako Defentsa ministro Margarita Robles ere: "Ezin dut onartu Guardia Zibilaren defentsa helburu alderdikoiekin erabiltzea".
Ekitaldi horri erantzuteko, atzoko deialdiez gain, manifestazioa egin zuten larunbatean Altsasun.
EAJ: "Badute nahi zuten argazkia"
Euskal Herrian, EAJko parlamentari Iñigo Iturrate aritu Altsasuko ekitaldiaz. Azaldu du "aurreikus zitekeena baino gutxiago gertatu" zela, eta nabarmendu du "probokazioaren" aurrean "ahalegin handia" egin dutela Nafarroako erakundeek. Bereziki goratu du Javier Ollo alkatearen jokabidea, eta eskatu du "erantzun sendo" horrekin jarraitzeko.
Guztiarekin ere, "Riberak eta konpainiak nahi zuten argazkia" lortu dutela uste du Iturratek. "Penagarria da, berriz ere, manipulazioaren eta herri baten izena zikintzearen bidez lortu izana".
Bestelako iritzia agertu zuen atzo Sortuk. "Bilatzen zuten argazkia ez dute lortu: Altsasuk faxismoari aurre egin dio probokazioetan jauzi gabe". Ekitaldiaren antolatzaileek Altsasuko biztanleak "probokatu eta umiliatu" nahi zituztela azaldu dute: "Lortu duten bakarra gure herriko askatasun egarria handitzea besterik ez da izan".
Azkenik, eskuin espainiarrari zuzendu zaio Sortu: "Faxismo espainiarrak Nafarroan nahi zuena egiten zueneko egunak bukatu dira. Nafarroak eta Euskal Herriak aurre egingo die, gaur eta beti".
Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek, berriz, "elkabizitza eta bake soziala" sustatzeko eskatu du, eta adierazi du Ciudadanosek eta Voxek ez dutela "ekarpenik" egin beraien jarrerarekin.
Kanpaikaden oihartzuna
Oihu artean hasi zuten ekitaldia Espainiako alderdiek, baina berehalakoan harridura aurpegiak nagusitu ziren plazan, kanpai hotsak entzuten hasi baitziren hizlarien ahotsa estaliz. Handik gutxira, musika doinuak entzuten hasi ziren enparantza inguruan. Altsasuko erretoreak oharra ere atera du horri buruz, bereak ez diren helburuetarako "eliza erabili" egin zutela azalduz. "Gazte talde bat elizan sartu da 11:00etako meza amaitu ondoren, eta abesbatzaren eskilaretatik igo dira kanpandorrera".
Hain zuzen, Foruzaingoak gaur jakinarazi du lau gazte salatu dituela ekintza hori dela-eta. Mozal legea deitutakoa hartu dute horretarako oinarri, eta "zilegi zen manifestazio baten garapenean nahasmena eragitea" egotzi diete, "baldin eta ez bada arau hauste penal bat".